Mankomunitateak estalkiak jarri ditu garbiguneetan tresna elektroniko eta elektrikoen hondakinetarako
Mankomunitateak hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzen jarraitzen du eta hainbat estalki jarri ditu eskualdeko garbiguneetan tresna elektriko eta elektronikoak euri uretatik babestuta egon daitezen. Helburua da euri urak tresna elektriko eta elektronikoetatik ez iragaztea, urak ez kutsatzeko eta mota horretako aparatuen berrerabilpena eta birziklapena errazteko. 2020an mota honetako 187.292kg hondakin bildu ziren, eta 2021eko abuztura bitarte, 123.014 kg.
Ibur Erreka eta Hirigintza enpresek egin dituzte garbiguneetan estalkiak jartzeko lanak, eta 41.457,66 euroko balioa izan dute. Inbertsioaren %50a Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du bere gain.
Mankomunitateak gogorarazi nahi du garbiguneetan hondakin elektriko eta elektroniko hauek utz daitezkeela: garbigailuak, hozkailuak, telebistak, ordenagailu-pantailak eta tresna elektriko txikiak, hala nola ile-lehorgailuak, kontsolak, etab.
Eskualdeko gaikako bilketa hobetu egin da irailean
Irailean Debabarreneko gaikako bilketaren tasa %56,17koa izan zen. Datu horrek hobekuntza txiki bat dakar iazko iraileko datuarekin alderatuta (%54,71). Irailaren 30era arteko urteko balantzeari dagokionez, gaikako bilketaren portzentai metatua % 54,97koa da.