Mankomunitateak helburutzat jarri du %70eko gaikako bilketa lortzea 2030erako

2020/07/23
Debabarrena Mankomunitateko Batzar Orokorrak "Objetivo %70 Helmuga" izeneko plana onartu du uztailaren 22an egindako bileran. Plan horren helburua da gaika bildutako hondakinak urtero 520 tona handitzea, 2030ean 22.000 tonara iritsi arte.

Debabarrena Mankomunitateak helburu estrategiko gisa ezarri du 2030erako hondakinen gaikako bilketa %70era igotzea. Horrela, urtero gaika bildutako hondakinen kopurua 520 tonatan handituko litzateke, 2030ean 22.000 tonara iritsi arte.

2018/851 Europako Hondakinen Zuzendaritzak eta Diputatuen Kongresuan izapidetzen ari den Hondakinen Legearen aurreproiektuak 2030erako gaikako bilketaren % 60ko helburua ezartzen dute, baina Mankomunitateko Batzar Nagusiak asmo handiagoko helburu bat onartu du gaikako bilketaren % 70era iritsi arte, ikusita jada lortu dela 2020rako gaikako bilketaren %50a gainditzea.

Gaikako bilketaren % 70era iristeko, Mankomunitateak hiru jarduera-eremu nagusi ezarri ditu: gaur egun beren etxeetan hondakinak banatzen ez dituzten herritarrak, elkarteak, saltokiak eta ostalaritza, eta, azkenik, industria-esparrua.

2019an bildu eta birziklatu ezin izan ziren 14.327 tona hondakinetatik, gehienak (11.107 tona) kaleko edukiontzi grisetan bildu ziren. Mankomunitateak adierazi duenez, "horrek esan nahi du hobetzeko tarte handia dugula hondakinak hiriguneetara botatzen dituzten sektoreetan."

 

Gakoak: herritarrak, saltokiak eta industria-sektorea

Etxean hondakinak banatzen ez dituzten herritarrei dagokienez, Mankomunitateak behin eta berriz azpimarratu nahi du haien inplikazioaren beharra. Mezua argia da: "eguneroko ohitura pertsonal edo familiarretan aldaketa txiki batek komunitateari eta planetari mesede egiten dion ingurumen-hobekuntza esan nahi du." Horretarako, hainbat kanpaina egingo dira hartzaile oso zehatzekin eta helburu argi batekin: urtean errefusaren 520 tonaren sorrera sahiestea eta hondakinen birziklapena handitzea.

2030erako ezarritako helburua lortzeko beste jarduera-eremu bat dira ostalaritza eta merkataritza. 2020an, ostalaritzari zuzendutako bi kanpaina egingo dira: bata beirari buruzkoa, Deban, Mutrikun eta Elgoibarren; eta bestea, frakzio organikoari buruzkoa, eskualde osoan. Azken horren helburua da hondakin organiko ugari sortzen duten establezimenduek (batik bat jatetxeak eta pintxoak dituzten tabernak) organikoa bereiztea. Horretarako, mankomunitatea establezimenduekin harremanetan jarriko da haien beharrak entzuteko eta beharrezko baliabideak eskaintzeko, hondakin organikoa birzikla dezaten.

Elkarte gastronomikoei dagokienez, bisitak eta informazio-hitzaldiak egingo dira, herri-erakunde horien inplikazio-maila handitzeko.

Merkataritzan, helburua da "paperaren eta kartoiaren bilketa indartzea, batez ere inplikazio txikiagoa duten udalerrietan. Merkatariei gogorarazi nahi zaie Mankomunitateak kartoia biltzeko doako zerbitzua eskaintzen duela saltoki gehien dauden eremuetan."

Azkenik, industriaren sektorean ere "hobetzeko tarte handia" dagoela azpimarratu du Mankomunitateak. Debabarrenako industrialdeetan 2.100 tona hondakin biltzen dira nahastuta. Mankomunitateak gogorarazi duenez, "bilketa hau hiri-hondakinei zuzenduta dago, eta ez da industria-jardueran sortzen diren hondakinentzat". Industria-hondakinak kudeatzaile baimenduek kudeatu behar dituzte. Gaur egun, papera-kartoia eta egurra gaika biltzeko zerbitzu bat dago, "baina bilketa hori hobetu nahi da."

 

Gaikako bilketa hobetzea ekonomikoki aurreztea da

Mankomunitateak nabarmendu duenez, “gaikako bilketa hobetzeak, ingurumenarekiko albiste ona izateaz gain, Mankomunitatearen gastuak nabarmen murriztuko lituzke. Organikoan birziklatzen dugun errefusa tona bakoitzak 45 euro aurrezten ditu. Beiraren eta papera-kartoiaren kasuan, tona bakoitzeko 181 euro aurrezten dira, eta ontzietan, kopuru horiek aurrezteaz gain, diru-sarrera ere badakar." Edukiontzi grisetik 522 tona atera eta gainerako edukiontzietan birziklatuz gero, urtean 93.000 euro aurreztuko lirateke. Diru-sarrera horiek Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzua hobetzeko erabil litezke.

Debabarrena Mankomunitateak adierazi duenez, "helburu horiek, anbizio handikoak izateaz gain, lorgarriak dira, eta eskualdeko sektore guztien inplikazioarekin ari gara horiek lortzeko lanean".

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.