Mankomunitateak ia 130.000 euro erabili ditu edukiontzi marroietan behar ez bezala utzitako poltsak ateratzeko

2024ko martxoaren 14a

2023an, %7,5 murriztu zen bereizita bildutako hondakin biodegradagarrien kopurua. Hori horrela, aurten edukiontzi marroiak itxitura elektroniko bidez itxiko dira.

Edukiontzi marroian biohondakinak ez diren hondakinak agertzen dira oraindik ere Debabarrenan. Iazko ekainetik aurtengo martxora bitartean, 64.568 poltsa desegoki atera dira edukiontzi marroietatik. Eta, guztira, 2022an eta 2023an, Mankomunitateak 129.973 euro erabili behar izan ditu edukiontzi marroietan desegoki agertzen diren poltsak ateratzeko, izan ere, edukiontzi marroira biohondakinak ez diren honakinak botatzen badira, edukiontzi guztia kutsatzen da eta ondorioz ezin da birziklatu. Beraz, ingurumenari kalte egiteaz gain, eskualdearen ekonomian ere eragin negatiboa du hondakinak ez sailkatzeak.

Hori horrela, Mankomunitatea hasi da neurriak hartzen eskualdeko Udalekin elkarlanean, eta dagoeneko iragarri du edukiontzi marroiak itxiko dituela aurten. Edukiontzi marroietan hondakin desegokiak agertzea saihestea da helburua. Era berean, Mankomunitateak hondakinak biltzeko ordenantza aldatuko du laster, hondakinak behar bezala banatzen ez dituzten erabiltzaileei espedienteak irekitzeko. Eta neurri gehigarri gehiago hartzea aztertzen ari da.

Arazo larria ingurumenarentzat eta norberaren ekonomiarentzat

Egindako azterketetan edukiontzi marroian era desegokian agertu ohi dira ontzi arinak (horira bota behar dira), kartoia (urdinera bota behar dira), beira (berdera bota behar dira), pilak (pilen edukiontzira bota behar dira), etab. Hori horrela, edukiontzi marroian janari ondarrak soilik bota daitezkeela gogorarazten du Mankomunitateak, adibidez, letxuga hostoak, patata azalak, arrautza oskolak, arrain eta okel hezurrak… Eta beti poltsa konpostagarrietan.

Biohondakinak behar bezala ez sailkatzea arazo larria da, eta hobetze aldera, Mankomunitateak herritarrei eskaera zuzena egiten die hondakinak gaika sailkatu ditzaten, eta hondakinen sailkapen egokia etxean landu dezaten, arazo honek bai ingurumenean baina baita bakoitzaren ekonomian eragin zuzena baitu.

Ekimen honek Eusko Jaularitzaren dirulguntza jaso du.

Puntu morea