Mankomunitatearen ekimena fruta-dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko

2020ko urriaren 26a

Eskualdeko 260 establezimendu baino gehiago bisitatu dira. Informazioa banatu, proposamenak entzun eta biohondakinak birziklatzeko bitartekoak eskaini dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Publikoen Sailak 5.047,16 euroko diru-laguntza eman dio Mankomunitateari ekimena garatzeko.

Mankomunitateak kanpaina bat egin du frakzio organikoaren edo biohondakinen gaikako bilketa hobetzeko fruta-dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan. Establezimendu hauek, beren jarduera motagatik, hondakin organiko edo janari-hondakin ugari sortzen dituzte. Edukiontzi marroietara bota behar dira, gero konposta egiteko. Kanpainaren aurretik, zenbait establezimenduk uzten zituzten hondakinak edukiontzi marroian, baina beste batzuk, hainbat arrazoirengatik, ez zituzten hondakinak bereizten.

Kanpainaren helburua izan da arrazoi horiek entzutea eta identifikatzea, eta establezimenduei erraztasun gehiago ematea gaikako bilketaren datuak hobetzeko eta 2030erako “Helburua %70” planean proposatutako %70era iristeko.

Kanpaina abuztuaren bigarren hamabostaldian eta irailaren lehenengoan eskualdeko fruta-dendetara egindako bisitekin hasi zen. 69 fruta-denda bisitatu dira, eta horietan 45 litroko 10 eta 25 litroko 8 ontzi marroi banatu dira, poltsa biodegradagarriekin, sortutako biohondakinak edukiontzi marroira bota ditzaten. Mankomunitateak eskertu nahi du establezimendu gehienen jarrera positiboa, baita hondakin horiek birziklatzeko eta konpost bihurtzeko erakutsi duten prestutasuna.

Urrian 169 taberna eta jatetxe bisitatu dira. Bisita horietan egiaztatu da 45 establezimenduk ez dituztela bereizten hondakin organikoak. Establezimenduen erdiak baino gehiago pintxoak dituzten tabernak dira, eta 25 litroko ontziak banatuko zaizkie.



Jatetxeei dagokienez, irtenbidea konplexuagoa da eta denbora gehiago beharko du gauzatzeko. Mankomunitatetik lantzen ari garen proposamena da jatetxe bakoitzean edukiontzi marroiak jartzea, ahalik eta erraztasun handienekin hondakinak bertan uzteko. Kasu askotan, kamioiak iristeko zailak diren landa-eremuetan jartzen dira edukiontziak, eta, horregatik, irtenbide bideragarria, teknikoa eta ekonomikoki sostengagarria proposatu behar dugu, 2021ean eskaini ahal izatea espero baitugu.

Azkenik, Mankomunitateak eskertu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundia proiektu honetan eman duen laguntzagatik, proiektua finantzatuz.

 


Puntu morea