Lehen ibilgailu elektrikoa erosi du Mankomunitateak, trantsizio energetikoari bidea emateko

2022ko maiatzaren 27a

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: "Aurrerapauso handia eman dugu lehen ibilgailu elektriko hau erostean, trantsizio energetikorako bidea egiten hasi baikara, eta arlo honetan ditugun lehentasun nagusietako bati erantzuten ari garelako: gure ibilgailu flotak isurtzen dituen gas kutsagarriak murriztea."

Lehen ibilgailu elektrikoa erosi du Mankomunitateak, trantsizio energetikoari bidea emateko. Mankomunitateko lehendakariak, Iosu Arraizek, prentsaren aurrean adierazi duenez, “urteak daramatzagu lanean Debabarrena gero eta jasangarriagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa izan dadin. Bide horretan, gure lehentasunetako bat da zerbitzuetan trantsizio energetikoari bidea irekitzea, kutsadura murriztuko duten politika berdeak sustatzeko. 2021ean neurtu genituen Mankomunitatearen ibilgailuek isuritako gas kutsagarriak eta urtero berotegi-efektuko 1.000 tona gas isurtzen dituztela ikusi genuen. Datuak aztertu ondoren, gas kutsatzaile horiek murrizteko Ekintza Plan bat diseinatu genuen, eta lau ildo estrategiko eta 12 ekintza zehaztu genituen, NBEren 2030 Agendan eta garapen jasangarriko helburuetan oinarrituta. Aurten, plan horretan jasotako ekintzak gauzatzeko zenbait partida txertatu ditugu Mankomunitatearen aurrekontuetan.”

Mankomunitatearen ibilgailu flotaren ingurumen aztarna murrizteko ekimenen baitan, Arraizek gaineratu du “lehen ibilgailu elektrikoa erostean aurrerapauso handia eman dugula, trantsizio energetikorako bidea egiten hasi baikara. Gainera, eredu jasangarriagoak sustatzen jarraitzeko, eta 2021ean diseinatutako Ekintza Planaren baitan, Mankomunitatearen ibilgailu flota eraldatzearen bideragarritasunari buruzko azterlan bat egitea aurreikusten dugu, gure ibilgailuen CO2 isurketak murrizten jarraitzeko. Bestalde, 2022ko aurrekontuetan ere partida berri bat bideratu da Jasangarritasun Energetikoaren Plana garatzeko”.

Ibilgailu flotaren ingurumen aztarna murriztea helburu

Mankomunitatearen lehen ibilgailu elektrikoa Citroen Jumpy-E bat da, eta ibilgailuak eta makinak konpontzeko tailerrean erabiliko da. Hori dela eta, tailer mugikor moduko bat du atzealdean, beharrezko erremintak eraman ahal izateko.

Lehen, ibilgailu bat errepidean matxuratzen zenean eta tailerrera eramatea ezinezkoa zenean, Mankomunitateko langileak 2004an erositako gasolio kontsumo handiko furgoneta batean joaten ziren eremura konponketak egitera. Orain, langileak zero emisioko ibilgailu berrian joango dira, Mankomunitateko ibilgailuen ingurumen aztarna eta CO2 isuriak murrizteko.

Ibilgailu berria erosteko 47.772,25 euroko inbertsioa, BEZ barne, egin du Mankomunitateak.

Bi karga puntu eskualdean

Mankomunitateak trantsizio energetikoa sustatzeko lanean jarraitzen duenez eta daudenak ordezkatzeko ibilgailu elektriko gehiago erostea aurreikusten duenez, bi kargagune instalatu ditu eskualdean.

Horietako bat Eibarko Plantan dago, Mankomunitateak ibilgailu gehien gordetzen dituen tokia baita, eta, beraz, ibilgailuak kargatzeko kokapenik egokiena. Hiru ibilgailu aldi berean kargatzeko gaitasuna du. Beste karga-puntua Mutrikuko Garbigunean jarri da.


Puntu morea