Minigarbigune-sare baten bidez hobetuko ditu bere birziklatze-azpiegiturak Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak

2019ko urtarrilaren 22a

Edukiontzietan utzi ezin diren eta gaur egun arte mankomunitateko garbiguneetara eraman behar ziren material birziklagarrien gaikako bilketa egiteko sistema berri bat jarriko du martxan Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak.

Edukiontzietan utzi ezin diren eta gaur egun arte mankomunitateko garbiguneetara eraman behar ziren material birziklagarrien gaikako bilketa egiteko sistema berri bat jarriko du martxan Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak.

Gaur egun garbiguneetan utzi beharreko materialak aurrerantzean zer-nola utzi behar diren herritarrei hurbiltzea da ekimen honen helburua eta, horrela, materialen gaikako bilketa areagotzea. Guztira, 12 minigarbigune ezarriko dira helburu horrekin eskualdeko 8 udalerrietan. Minigarbiguneak martxan jarri aurretik, informazio-ekintza bat egin da triptiko baten 30.000 ale etxeko postontzietan banatuz, zeinean minigarbiguneen kokalekuak eta minigarbiguneetan utz daitezkeen materialak zehazten diren. Mankomunitateko presidenteak azpiegitura horiek dakarten hobekuntza nabarmendu du: “Zati berrien gaikako bilketa hurbilduko du sareak eta birziklatzean aurrera egitea ahalbidetuko digu, herritarren parte-hartzea erraztuz”.

Minigarbigune bakoitzak 8 tiradera txiki dauzka honako elementu hauek uzteko: telefono mugikorrak, CD eta DVDak, bonbillak, aerosolak, bateria txikiak, pilak, telefono-kargagailuak eta erradiografiak. Gainera, tamaina handiagoko 6 kubo dauzka, 80 litrotik 120 litrora bitartekoak, honako elementu hauek uzteko: kable elektrikoak eta txatarra bolumen txikia, etxetresna elektriko txikiak (plantxak, txigorgailuak...) ordenagailu eramangarriak, bideo-kontsolak eta bideo-jokoak, 10 litro baino gutxiagoko edukiera duten pintura-potoak eta inprimagailuetako kartutxoak. Guztiak ere material birziklagarriak dira, bide publikoan kokatutako edukiontzietan utzi ezin direnak eta, gaur egun, garbigune bateraino eraman beharrekoak. Mankomunitatetik azpimarratu dutenez, ildo beretik jarraituko dute, baliabideak jartzen gaikako bilketa areagotzeko, “baina guztion konpromisoa behar da bilketa-ehunekoak handitzeko”.

12 MINIGARBIGUNE

Eskualdeko udalerrien premiak kontuan izanda ezarri dira minigarbiguneen kokalekua eta kopurua. Horrela, bat jarriko da Mallabian, bi Ermuan, hiru Eibarren, bat Soraluzen, bi Elgoibarren, bat Mendaron, bat Deban eta beste bat Mutrikun.

Bilketa-sistema berriaren instalazioa ia amaituta dago eta honako egutegi honi jarraikiz egin da: urtarrilaren 10ean Mutrikun, Deban eta Mendaron; 14an eta 15ean Eibarren; 15ean Mallabian; 16an Ermuan; 18an Elgoibarren eta 22an Soraluzen.

 


Puntu morea