Ontzi arinak gaika batzea eta errefus kopurua murriztea, eskualdeko erronka nagusiak gaikako bilketari dagokionean

2022ko martxoaren 2a

Azken urteetan gaikako bilketaren tendentzia goranzkoa izan bada ere, 2021ean %55ean egonkortzeko zantzua erakutsi du gaikako bilketa tasak. Azken urtean %55,05ean kokatu da gaikako bilketa Debabarrena eskualdean, 2020an baino %0,21 gutxiago.

Azken urteetan gaikako bilketaren joera goranzkoa izan da, eta 2021ean, aldiz, %55ean egonkortzeko zantzua erakutsi du tasak.

%55,05eko urteko gaikako bilketa tasa lortu du Debabarrena eskualdeak 2021ean, 2020an baino %0,21 gutxiago. Datuek beherakada txiki bat erakusten duten arren, Mankomunitatetik adierazi dute ez dela esanguratsua: “Mankomunitatean egoera aztertu dugu eta esan dezakegu, beherakada oso leun bat egon den arren, eskualdeko gaikako bilketaren tasaren tendentzia dela %55ean egonkortzea. Dena den, kezkatuta gaude ez dugulako nahi beherakada leun hori nabarmenago batean bihurtzea. Hortaz, orain eskualde mailan, erakundeek zein herritarrok dugun erronka da birziklapen ohitura egokiak sustatzea praktikan jartzea gaikako bilketa tasa hazi dadin. Horretarako, hondakinen bilketa hobetzeko eta eraginkorragoa egiteko aukerak aztertzen ari da Mankomunitatea”, adierazi du Iosu Arraizek, Mankomunitateko lehendakariak.

2021ean 2020an baino 129 tona gehiago bildu dira gaika, 16.385 tona guztira, nahiz eta bildutako errefus kopurua ere handitu den: 258 tona gehiago jaso dira guztira. “Gaikako bilketa areagotzeko, Debabarrenan dugun erronka nagusia da ontzi arinak gaika batzea edukiontzi horian, eta, batez ere, errefus kopurua jaistea, edukiontzi grisera botatzen diren hondakinen gehiengoa birziklagarria baita”, azpimarratu du Arraizek.

Zatiki bakoitzari erreparatuz gero, biohondakinen 226 tona gutxiago jaso dira 2021ean, 2020arekin alderatuta. Aldiz, papera eta kartoiari erreparatuz gero, 2020an 3.884tn jaso izatetik, 2021ean 3.905tn paper eta kartoi bildu dira. Ontzi arinei dagokienean, 2020an 1.627 tn jasotzetik, 2021ean 1.505 tona jaso dira. Eta, jasotako beira kopuruari dagokionez, 2020an 2.069tn jaso ziren, eta 2021ean 2.254tn, 185tn gehiago.

Biztanle bakoitzeko 432kg hondakin jaso dira 2021ean

Eskualdeko biztanle bakoitzeko 432kg hondakin jaso dira guztira 2021ean, 2020an baino 4kg gehiago, eta horietatik 224kg jaso dira gaika, 2020an baino 12kg gutxiago. Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azpimarratu duenez, “2020eko eta 2021eko egoera zeharo desberdina izan da udalerrietan osasun krisiaren eraginez, eta horrek ere eragina izan du hondakinen birziklapenean. Dena den, eskualde mailan dugun erronka nagusiak berdina izaten jarraitzen du: errefus kopurua murriztea, eta ontzi arinak behar bezala sailkatzea.”

Gaikako bilketaren inguruko datuak herritarren eskura

Hilabeteko eta urteko gaikako bilketaren inguruko datuak herritarren eskura daude debabarrena.eus-webgunean. Mankomunitateak datuak gertutik aztertzen jarraituko du, egoera sakonean ezagutzeko eta jasangarritasunera bidean etorkizuneko bideak marrazteko, gizarteko kolektibo desberdinengan eraginez.


Puntu morea