Urtarrilean gora egin du biohondakinen gaikako bilketak Debabarrenan eta sortutako errefus kopurua jaitsi da

2021ko otsailaren 25a

Urtarrilean, %2,2 hondakin gutxiago bildu da 2020arekin alderatuta, bio-hondakinen gaikako bilketa %5,6 handitu da eta sortutako errefusa %2,1 murriztu da.

Urtarrila hilabete ona izan da Debabarreneko gaikako bilketari dagokionez. 2020arekin alderatuta, %2,2 hondakin gutxiago bildu da, bio-hondakinen gaikako bilketa %5,6 handitu da eta sortutako errefusa %2,1 murriztu da.

Urtarrilean 63 tona hondakin gutxiago sortu ditugu Debabarrenan, 2020an baino %2,2 gutxiago. Mankomunitateak adierazi duenez, "baliteke gakoa Gabonetan egotea: aurten ezberdinak izan direnez, ez ditugu urte amaierako ospakizunak edo Errege Magoen eguneko jende bilketak egin, eta normalean hondakin asko sortzen da horietan".

Halaber, urtarrilean 411 tona hondakin organiko bildu dira hiriguneetan eta poligonoetan dauden edukiontzietan, 2020an baino %5,6 gehiago. Errefusaren zatikiak, aldiz, 24 tona egin du behera, 2020an baino %2,1 gutxiago. Mankomunitateak azpimarratu duenez, "datu horiek oso positiboak dira, birziklatzeko ohiturak hobetzen ari garela adierazten baitute. Duela gutxiko ikerketa baten arabera, Debabarrenan oraindik ere edukiontzi egokian utziz gero birziklagarriak diren hondakin asko uzten ditugu errefusaren edukiontzietan. Errefusa kopurua murrizteak esan nahi du norabide egokian goazela, eta apurka-apurka gaikako bilketa handitzen ari dela. Lanean jarraituko dugu gizarteko eragile guztiak kontzientziatzeko hondakin bakoitza dagokion lekuan uztearen garrantziaz. "

Gainerako zatikiei dagokienez, gaika bildu dira 443 tona paper eta kartoi, 135 tona ontzi, 214 tona beira eta 346 tona bestelako hondakin, hala nola zura, tamaina handikoak, tresna elektriko eta elektronikoak, etab.

 

Hondakin sortzaile handien garrantzia

Kaleko edukiontziez gain, Mankomunitateak industrietan sortutako hondakinak biltzen eta kontabilizatzen ditu, eta kudeatzaile pribatuek kudeatzen dituzte. Kasu batzuetan kopuru oso handiak dira eta hileko datuak baldintzatzen dituzte. 

Mankomunitateak hiru hilean behin gutun bat bidaltzen du, hondakinen sorrerari eta gaikako bilketari buruzko datuak eskatuz. Zenbait enpresak datu horiek ematen dituzte eskualdeko tauletan sartzeko. Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie guztiei, eta beren datuak bidaltzen ez dituztenak animatu nahi ditu hala egitera. "Gure eskualdean sortzen diren hiri-hondakinen fluxuak hobeto ezagutzeak etorkizunean hobekuntzak ezartzeko jarraibideak ezartzen dizkigu."

 


Puntu morea