Zuzeneko komunikazio-kanalak zabaldu behar ditugu gure auzotarrekin Mankomunitateak egiten duen lana ezagutu dezaten

2019ko urriaren 15a

Debabarrenak jauzi handia egin du aurrera herritarren konpromisoari eta parte-hartzeari esker. Azken 4 urteetan nabarmen hobetu dugu birziklapena, 2015eko % 39,66ko gaikako bilketatik 2019ko % 55,63ra igarota. Gero eta gehiago jabetzen gara ingurumen-arazoez, hala nola klima-aldaketaz edo duela gutxi arte izan ditugun zabortegiek eragiten zituzten arazoez. DVn 2019-10-13an argitaratutako elkarrizketaren testuak.

Nola aurkitu duzu Mankomunitatea erakundearen buruan daramatzazun aste gutxi hauetan?

Lehenik nabarmenduko nuke Mankomunitateak giza lantalde handia duela maila guztietan, erakundeko langileekin hasi eta zuzendaritzako kideekin buka. Erakundearen egonkortasun ekonomikoa ere azpimarratu behar da, udalei eta udal horietan bizi den jendeari ematen zaien zerbitzua hobetzeko inbertitzen jarraitzea ahalbidetuko baitigu. Bestalde, aldaketa garrantzitsuen garaia bizi du Mankomunitateak gerentzia aldatzeko prozesuarekin eta administrazio elektronikoaren bidean aurrera egiteko teknologia berriak gaineratzearekin.



Nola iritsi zinen presidente kargura?

Oso modu naturalean. Eibar da Mankomunitateko herri nagusia, baina ez da ahaztu behar Mallabia, Ermua, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku ere Mankomunitateko kide direla, eta haietako edozein ordezkari izan daitekeela presidente horretarako babes nahikoak biltzen baditu.
Esan bezala, nire kasuan, gauza naturala izan da, Mankomunitatearen zati izan naizelako azken 4 urteetan. Arcadiok udala eta Mankomunitatea utziko zituela jakin genuenean, udalerrien artean koordinatu egin ginen kide berriak hautatzeko, eta esperientzia eta dedikazioa ikusirik, hurrengo 4 urteetarako presidente izatea proposatu zidaten, eta ilusio handiz eta horrek dakarren erantzukizunaz jabetuta onartu dut.
 


Zein dira zure kudeaketan txertatu nahi dituzun lehentasun garrantzitsuenak?

Birziklapenarekin eta gaikako bilketarekin aurrera nabarmen egin dugula adierazi behar badugu ere, uste dut ezinbestekoa dela sentsibilizazio- eta kontzientziazio-lanarekin jarraitzea. Birziklapena oinarrizkoa da lehengaiak aurrezteko eta gure ekosistemak babesteko; aurrerantz jarraitzeko, parte-hartzea behar dugu, eta kontzientziazio-lanarekin baino ez da lortzen hori.
 
Beste lerro garrantzitsu bat zera da, Mankomunitateak ematen duen zerbitzua herritarrei helarazteko eta balioan jartzeko gai izan behar dugula, kale-garbiketarekin hasi eta hondakinen bilketarekin buka, eta gardentasunean eta komunikazioan aurrera egin behar dugu horretarako. Dirua kostatzen duen zerbitzua da, baina egunero hor dagoena, lana eginez ingurumena babesteko eta bizi garen ingurunea atseginagoa egiteko. Baina herritarrek zertarako bideratzen den jakin behar dute, eta kudeatzen dugun dirua zertan gastatzen den, eta zuzeneko komunikazio-kanalak ireki behar ditugu horretarako gure auzotarrekin.
 
Ikuspuntu teknikotik begiratuta, hondakinen bilketa berriz ordenatzea eta sistematizatzea beharrezkoa dela uste dugu, eraginkorragoa eginez eta aldi berean langileen lana ere hobetuta. Teknologia berriek paper garrantzitsua jokatzen dute helburu hori lortzeko, edukiontzien betetzeari buruz datuak emango dizkiguten erremintak erabilita. Informazio hori izatea erabilgarria izan liteke bilketa-arazo puntualak detektatzeko eta bizkortasun handiagoz jarduteko, edo bilketa sarriagoa behar duten uharte arazotsuak ere detektatzeko.
 
Kale-garbiketari dagokionez, zerbitzu-plus bat eskaintzeko gai izan behar dugu. Oro har, garbiketaren kalitatea ona da, baina hobekuntzak lor ditzakegu jardun txikiekin, desugertzeko makina txikiekin lortutakoak bezala. Horrelako makinetan inbertitzen jarraitu behar dugu, eta edukiontzi-uharteen egoera hobetu.



Azken urteetan asko igo da hondakinen birziklapena. Sabaia jo dugula uste duzu?


Debabarrenak jauzi handia egin du aurrera herritarren konpromisoari eta parte-hartzeari esker. Azken 4 urteetan nabarmen hobetu dugu birziklapena, 2015eko % 39,66ko gaikako bilketatik 2019ko % 55,63ra igarota. Hobetzeko marjina dugu oraindik eta, portzentaje horiekin haztea zailagoa bada ere, kontzientziatuagoak gaude eta hobetzen jarraituko dugu. Gero eta gehiago jabetzen gara ingurumen-arazoez, hala nola klima-aldaketaz edo duela gutxi arte izan ditugun zabortegiek eragiten zituzten arazoez. Dena den, zifra horiek herritarren ohiturak adierazten dituztela ahaztu gabe, zenbakiek ez gaituzte itsutu behar. 
 


Inbertsio handiak egin dira ekipamendu berrietan. Jendea zuzen ari da erabiltzen errefus-edukiontzia?



Oso pauso positiboa izan da errefus-edukiontzia instalatzea, eta jende gehienak behar bezala erabiltzen du. Baina, sistema berri guztiek bezala, ikaskuntzaldi eta egokitzapenaldi bat behar du, eta behin eta berriz errepikatu behar da hondakin ez-birziklagarrientzat dela soilik, eta ezin dugula erabili errefusaren edukiontzi berde zaharra balitz bezala. Edozein kasutan, sistemaren hobekuntza bat da, eta gaikako bilketaren emaitzek hori erakusten dute.
 


Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa oinarrizkoak direla uste duzu?
 


Oinarrizko gauza da. Heztea eta informatzea da, batez ere, kontzientziatzea eta sentsibilizatzea. Lehen esaten nuen bezala, asko hobetu dugu eta bere parte-hartzea gehitzen joan diren herritar kontzientziatuagoei zor zaie hori. Informazioan eta sentsibilizazioan irabazi dugu, ingurumenarekin lotutako gai guztietan eta hondakinen gaian. Aldaketa garrantzitsua eta positiboa da. Duela ez asko zabortegi bat genuen Elgoibarren, ingurumenarentzat eragiten zituen arazoekin, usainekin hasi eta uren kutsadurarekin buka, horrek dakarren inpaktu bisual handia eta lotutako osasungarritasun-arazoak ahaztu gabe.
Aurrera goaz azpiegituretan eta tratamendu-sistemetan, baina lehenengo pausoa –eta garrantzitsuena– etxean egiten dena da, zabor zatiak bereizten ditugunean. Ez dugu ahaztu behar, halaber, zenbat eta gehiago birziklatu orduan eta handiagoa dela kontsumitzen dugun produktuaren bizitza, txikiagoa hondakinen sorkuntza eta txikiagoa hondakinen tratamenduaren kostua, eta, horrenbestez, tasarena. 
 


Aurreratuko zeniguke zer igoera izan dezaketen zabor-tasek 2020rako eta hazkunde horren arrazoiak?
 

Mankomunitateak proposatuko tasen igoeraren batez besteko portzentajea % 3,04 da, kontuan izanda herri bakoitzak tasa desberdinak dituela zerbitzuaren arabera. 2020rako
proposatutako hazkundearen arrazoi nagusiak paperaren eta kartoiaren salmenta-prezioen murrizketa drastikoarengatiko diru-sarreren gutxitzea, instalazioen eta ibilgailuen mantentze-kostuak, eta Mankomunitateko pertsonalaren kostuen eguneratzea dira.
Tarifei dagokionez, udalerri guztiei zerbitzu-maila bera bermatzea da etorkizuneko erronketako bat. Gai hori funtsezkoa da apurka-apurka eskualdeko herrien tarifak bateratzeko oinarriak ezartzeko eta edozein pertsonak zerbitzuengatik zerga berak ordain ditzan, Mankomunitateko edozein udalerritan bizi dela ere.


Puntu morea