Debabarrenako Mankomunitateak Kale-garbiketa zerbitzuaren kalitatea eta jarraipena indartuko ditu laguntza tekniko espezializatu berri baten bidez
Zerbitzu berria urrian jarriko da martxan Eibarren, eta pixkanaka gainerako udalerrietara hedatuko da. Gainbegiratzeko eredu berriak datu errealak eta herritarren iritziak izango ditu oinarri.
2025eko urriak 13 – Debabarrenako Mankomunitateak laguntza teknikorako zerbitzu espezializatu bat jarri du martxan, Kale Garbiketa hobetzeko eta eraginkorrago bihurtzeko.
Ekimen honek erakusten du Mankomunitatearen konpromisoa: zerbitzu gardenagoa eta herritarren beharretara hobeto egokitutakoa eskaintzea.
Kudeaketa eta kalitatea hobetzeko urrats berria
Laguntza tekniko berriarekin, Kale Garbiketa efizientzia handiagoz eta etengabeko hobekuntzaren ikuspegitik kudeatuko da.
Funtzio nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Zerbitzuaren kalitatea neurtzeko eta hobetzeko sistema jarriko da martxan. Datu zehatzetan oinarrituko da, eta emaitzen jarraipena egiteko hainbat tresna erabiliko dira.
- Lanean bertan egingo diren behaketek garbiketa-zerbitzuaren egungo egoeraren argazki zehatza eskainiko dute.
- Herritarrei egingo zaizkien galdetegien bidez, iritziak eta hobekuntza-proposamenak jasoko dira zuzenean.
- Garbiketa-ibilgailuek sortzen dituzten datuak aztertuko dira, baliabideak hobeto antolatu eta lana modu eraginkorragoan egiteko.
Gardentasuna eta konfiantza herritarren zerbitzura
Zerbitzu berri honen bidez, kale-garbiketaren lana hurbiletik eta modu garden batean jarraituko da, datu zehatzetan oinarrituta. Horrela, Debabarrenako herritarrek kalitate handiagoko eta eraginkorragoa den zerbitzua izango dute.
Proiektua lehenengo Eibarren jarriko da martxan; urrian hasiko dira lehen behaketak eta herritarrei inkestak. Etorkizunean, ekimena eskualdeko gainerako udalerrietara zabaltzea aurreikusten da..
