Debabarreneko hiru jantokitan egindako proiektu pilotuak elikagaien xahuketaren gaineko emaitza esanguratsuak utzi ditu

2025ko urriaren 28a

Debabarreneko Mankomunitateak, Albera Ingurumena enpresarekin elkarlanean, 2025eko urrian aurkeztu ditu elikagaien xahuketaren prebentziorako proiektu pilotuaren emaitzak eta ondorio nagusiak. Ekimen hau Debabarreneko hiru jantokitan gauzatu da: Elgoibarko CEIP Elgoibar eskolan, Soraluzeko CEIP Plaentxi eskolan eta Nuestra Señora de la Merced egoitzan (Soraluze).

Aurkezpenetan zentro bakoitzeko zuzendaritzari eta sukaldeko arduradunei aurkeztu zitzaizkien 2025eko martxoan eta apirilean egindako diagnostikoaren emaitzak. Fase horretan, aste batez egin ziren neurketak jantoki bakoitzean, elikagai-soberakinak eta menuak prestatzean sortutako hondakinak zehaztasunez aztertzeko helburuarekin.

Diagnostikotik ondorioztatu da, jantoki guztietan hondakinen bereizketa egokia sustatzeko ahalegin berezia egiten dela. Horrek agerian uzten du langileen inplikazioa eta konpromisoa, bai elikagaien kudeaketa arduratsuaren alde, bai ingurumenarekiko jarreran.

Bestalde, hobekuntza-aukera batzuk ere antzeman dira. Nabarmendu da, besteak beste, lehen plateren planifikazioa hobeto egokitu daitekeela eguneko eskari errealera, baliabideak modu eraginkorragoan erabiliz eta soberakinak era naturalean murriztuz, zerbitzuaren kalitatea kaltetu gabe.

Emaitza horiek oinarri hartuta, Elikagaien Xahuketaren Prebentziorako Plana abiarazi da. Planak bost neurri zehatz jasotzen ditu, zentro bakoitzaren egoerara egokituak: sentsibilizazio-kanpainak, hondakinen bereizketari buruzko prestakuntza, RexCatering proiektuaren ezarpena eta eskola-konpostagailuen erabilera, besteak beste.

Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatu du, Debabarreneko eskualdean elikagaien xahuketa prebenitzeko dirulaguntza baten bidez.

Puntu morea