Martxotik aurrera, txartel marroia erabili beharko da Debabarreneko edukiontzi marroietan hondakin organikoak botatzeko

2025ko martxoaren 6a

Debabarreneko Mankomunitateak hondakin organikoen edukiontzi marroietarako irekitze elektronikoaren sistema ezarriko du. Helburua da bilketa selektiboaren eraginkortasuna handitzea eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzea eskualdean. Martxotik aurrera, edukiontziak erabiltzeko, herritarrek txartel elektroniko bat edo telefono mugikorreko aplikazio bat erabili beharko dute.

Gaur egun, Debabarreneko hondakin-bilketa selektiboaren tasa %53,2koa da. Ekonomia Zirkularrerako Hondakinen eta Lurzoruen Legeak %55eko gutxieneko tasa ezartzen du 2025erako eta %60koa 2030erako. Helburu horiek lortzeko eta hondakin organikoen edukiontzietan nahasteak saihesteko, Mankomunitateak sistema hau ezarri du, hondakinak modu egokiagoan bereizteko eta haien jarraipena errazteko.

Mankomunitateak jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin du sistema honekin, hondakin organikoen kudeaketa hobetuz eta ingurumenari eragiten dion kaltea murriztuz. Hondakinak behar bezala bereiztea funtsezkoa da ingurumen-inpaktua murrizteko eta kudeaketa-eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko. Material bakoitza dagokion edukiontzian utziz, birziklatzea eta berreskuratzea errazten dugu, baliabideak berrerabiltzea eta hondakin desegokiak murriztea sustatuz.

Sistemaren funtzionamendua

Biorresiduen bilketa eraginkorragoa izan dadin, edukiontzi marroiak irekitzeko sistema elektroniko bat jarriko da martxan. Edukiontzi horiek erabiltzeko, herritarrek txartel elektroniko bat edo ‘Ireki’ aplikazioa erabili beharko dute.

●        Poltsa biodegradagarriak lortzeko txartela dagoeneko erabiltzen dutenek etxean jasoko dute txartel berria.

●       Etxean txartelik jasotzen ez dutenek, euren udalerriko erabiltzaileen arretarako bulegoetan jaso beharko dute.

Aplikazio mugikorra: Edukiontziak irekitzeko beste aukera bat Ireki’ aplikazioaren bidez QR kodea eskaneatzea izango da.

 Sistema martxan jartzen denean, orain arteko txartelak baliogabetuko dira eta ezingo dira  erabili.

Informazio eta sentsibilizazio kanpaina

Sistema berrira egokitzea errazteko, Mankomunitateak “Birzillatzea garbi jokatzea da. Erabili txartel marroia”, izeneko kanpaina abiatu du, eskualdeko erakunde eta kirolarien laguntza izango duena. Helburua da joko garbiaren kontzeptua hondakinak bereizteko jardun egokiekin lotzea eta herritarrak horren garrantziaz kontzientziatzea.

Kanpainaren barruan hainbat ekintza aurreikusi dira:

●       Eskualdeko etxebizitzetara informazio-gutunak bidaltzea.

●       Herritarrentzako arreta-gune eta informazio-karpak jartzea, txartela jasotzeko eta zalantzak argitzeko.

●       Sare sozialen bidezko kanpaina bat abiatzea, sistema berriari buruzko informazio zehatza zabaltzeko.

● Arreta-telefonoa martxan jartzea (629 031 252), herritarren kontsultak erantzuteko. 9.00etatik 18etara.

Eibarren tasa bereizia ezarriko da

Eibarren, hondakinen kudeaketarako tasa bereizia ezarriko da, “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioan oinarrituta. Neurri honen bidez, hondakinen bereizketa sustatu nahi da etxebizitzetan, merkataritzan eta industrian. Gainera, tasa honen inguruko informazio zehatza Mankomunitatearen webgunean eta arreta-bulegoetan kontsultatu ahal izango da.

Udalerri bakoitzeko informazio guneen datak eta edukiontzieen itxiera egunak

Eibar
Martxoaren 24
tik aurrera, txartela derrigorrezkoa izango da edukiontzi marroietan.

Datak eta bilketa-guneak:

Martxoaren 10etik 15era: Untzagako Jubilatuen Etxea (Unzaga Plaza 1A)

Martxoaren 17tik 22ra: Untzagako Jubilatuen Etxea (Unzaga Plaza 1A)

Ermua
Apirilaren 2
tik aurrera txartel marroia erabili beharko da Ermuan.

Datak eta bilketa-guneak:

Martxoaren 24tik 29ra: Merkatu Plaza (Diputazioa 3)

Martxoaren 31: Merkatu Plaza (Diputazioa 3)

Elgoibar
Txartel marroia derrigorrezkoa izango da apirilaren 7tik aurrera Elgoibarren.

Datak eta bilketa-guneak:

Apirilak 1, 2,3,4 eta 5: Aita Agirre Kultur Gunea (Aita Agirre Plaza 3).

Soraluze
Txartel marroia derrigorrezkoa izango da apirilaren 7tik aurrera Soraluzen.

Datak eta bilketa-guneak:

Apirilaren 1etik 5era: Kale Barren 8 (Udaletxeko bulegoetan)

Deba
Txartel marroia derrigorrezkoa izango da apirilaren 14tik aurrera.

Datak eta bilketa-guneak:

Apirilak 8, 9 eta 12: Udal lokal berria (Portu kalea 3, Deba).

Apirilak 10 eta 11: Kalebarreneko lokala (Itziar).

Mutriku
Txartel marroia derrigorrezkoa izango da apirilaren 14tik aurrera Mutrikun.

Datak eta bilketa-guneak:

Apirilak 8, 9 eta 10:  Merkatu Plaza (Beheko Plaza 1)

Apirilak 11 eta 12: Udaletxeko arkupetan (Txurruka Plaza)

Mendaro
Txartel marroiaren erabilera derrigorrezkoa izango da maiatzaren 12tik aurrera Mendaron.

Datak eta bilketa-guneak:

Maiatzak 8,9 eta 10: Lokal Txuria (Jubilatuen etxearen ondoan)

Arreta ordutegiak herri guztietan

○ Astelehentik ostiralera: 10:00-14:00 y 17:00-20:00.

○       Larunbatak: 10:00-14:00.

Txartela jasotzerako orduan ondoren dokumentazioa aukeztu beharko da:

·      Titularraren NAN/AIZ edo IFZ

·      Bizilekua egiaztatzen duen dokumenturen bat (errolda-agiria, alokairu-kontratua, titularraren izenean dagoen hornidura-agiria, etab.).

·      Titularrak sinatutako baimena, titularraren eta baimendutako pertsonaren datuekin. Eta bien NAN/AIZ edo IFZ.

Sistema hau aurrerapauso garrantzitsua da Debabarreneko hondakinen kudeaketan, hondakinak modu eraginkorragoan bereiztea eta desegokiak diren hondakinak gutxitzea ahalbidetuz.

Mankomunitateak herritarrak ekimen honetan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu, guztion inplikazioa funtsezkoa baita arrakasta lortzeko. Birziklapenaren eta hondakinen kudeaketa egokiaren aldeko konpromiso kolektiboak ingurune garbiago eta jasangarriago baterantz aurrera egiten lagunduko du.

Informazio gehiago eskuratzeko, bisitatu webgunea, joan herritarren arreta-bulegoetara edo deitu 629 031 252 telefonora, 9.00etatik 18etara.

Puntu morea