Ontzi arinak gaika biltzeko sentsibilizazio bideo bat egin du Mankomunitateak euskaraz, gazteleraz eta arabieraz
• Bideoaren helburua da gaikako bilketaren funtzionamendua modu ulerterrazean azaltzea eta edukiontzi horian bota daitezkeen hondakinak eta bota ezin daitezkeenak azpimarratzea, eskualdeko gaikako bilketa areagotzeko.
Hondakinen kudeaketari dagokionez, gaikako bilketa sustatzen jarraitzeko helburuarekin, Mankomunitatearen erronka nagusienetako bat da ontzi arinen birziklapena areagotzea. Horregatik, sentsibilizazio bideo didaktiko bat sortu du, Ecoembes elkarteak finantziatuta, eskualde mailan zabalduko dena, gaikako bilketaren funtzionamendua azaltzen duena eta edukiontzi horira zer bota daitekeen eta zer ez adierazten duena.
Bideoaren helburua da herritarrak sentsibilizatzen jarraitzea gaikako bilketaren inguruan, izan ere, 2022an Debabarrenako herritar bakoitzak 426kg hondakin sortu zituen, eta horietatik %55a jaso zen gaika. Datuek erakusten dute oraindik badagoela tartea hobetzeko, beraz, Mankomunitateak sentsibilizatzeko ekintzak jarri ditu martxan, hala nola, bideo didaktiko hau.
Ontzi arinak gaika biltzea, eskualdeko erronka nagusia
2021eko martxoan eskualdeko etxe guztietara banatu zuen Mankomunitateak “Horian Zer?” gidaliburu hezitzailea, non zehatz mehatz adierazten zen bisualki, irudien bidez, zein hondakin bota daitezkeen edukiontzi horira eta zein ez.
Oraingoan, bideo didaktiko bat zabaldu du Debabarrenako Mankomunitateak, eta edukiontzi horian utzi daitezkeen hondakinak adierazteaz gain, gaikako bilketaren funtzionamenduaren inguruko informazio hezitzailea ere azaltzen da modu didaktikoan. Asmoa da pausu bat harago ematea, eta herritarrei soilik azaldu beharrean zer bota daitekeen eta zer ez edukiontzi batean, azaltzea hondakinen kudeaketa nola egiten den, ulertu dezaten hondakin bakoitzari tratamendu berezia ematen zaiola, eta hondakinak gaika biltzea ingurumenarentzat mesedegarria izateaz gain, eskualdeko familien poltsikoentzat ere hobea dela.
Bideoan ere berriz azpimarratzen da abenduan Mankomunitateak herriz herri egindako “Ondo birziklatzea, guztion onura” kanpainan esandakoa: guztiok hondakinak modu egokian sailkatuko bagenitu, urtean 2.021.964,99 euro inguru aurreztuko lituzke Debabarrenako Mankomunitateak.
Zer bota daiteke edukiontzi horian?
Edukiontzi horian utzi daitezke plastikozko ontziak, metalezko ontziak eta brikak, esaterako. Garrantzitsua da hondakin horiek dagokion edukiontzi barruan uztea, bestela ez baitira gaika biltzen. Eta ezin dira bertan utzi ontziak ez diren plastikozko eta metalezko objektuak, rafiazko poltsak, eskolako materiala, jostailuak…
Hiru hizkuntzetan
Mankomunitateak hiru hizkuntzetan ahalbidetu du gaikako bilketaren inguruko bideo didaktikoa: euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz. Eskualdean bizi diren gizarte talde guztiengana iristeko helburuarekin, Mankomunitateak arabieraz argitaratzen duen lehen komunikazioa da.
Ikusi bideoa hemen: