“Ondo birziklatzea, guztion onura” kanpaina «arrakastatsua» izan da Mankomunitatearen hitzetan
Positiboki baloratu du udalerriekin egindako elkarlana, kalean egindako karakterizazioek izandako inpaktua eta konpost banaketak eta Informazio puntuek izan duten harrera.
Hondakinak Prebenitzeko Europako astearen baitan, “Ondo birziklatzea, guztion onura” kanpaina egin du Mankomunitateak azaroaren 21etik 25era, udalerriko hainbat herrietan. Helburua izan da hondakinak egoki sailkatzearen onurak ikusaraztea, gaikako bilketa sustatzeko. Horretarako, hainbat ekintza egin ditu. Mankomunitateak positiboki baloratu du udalerriekin egindako elkarlana, kalean egindako karakterizazioek izandako inpaktua eta konpost banaketak eta Informazio puntuek izan duten harrera.
Batetik, eskualdeko biohondakinekin egindako konposta banatu du Mutrikun, Deban, Soraluzen, Eibarren eta Ermuan, hondakinak egoki sailkatuz gero bigarren bizitza bat ematen zaiela irudikatzeko. Guztira, 500kg konpost banatu ditu bost herrietan, petunia haziekin batera lorontzi txikietan.
Gainera, herri bakoitzeko errefus edukiontzi baten karakterizazioa egin dute ingurumen hezitzaileek eta teknikariek, hurbildu diren herritarrei eta ikastetxeetako haurrei azaltzeko herrian bertan dituzten birziklapen ohiturak nola neurtzen diren. Herriz-herri errefus edukiontziak aztertzerakoan, kasu guztietan agertu dira inpropioak, salbuespenik gabe: hondakin organikoak, beirazko botilak, esne tetrabrikak eta ontzi arin eta plastiko mota desberdinak, ohialak, obretako materialak… Hondakin mota bakoitza dagokion edukiontzira bota behar dela gogorarazi du Mankomunitateak, izan ere, guztia errefusean utziz gero, ingurumenari kalte egitean gain, norberaren ekonomiari ere kalte egiten baitiogu.
Zenbat diru aurreztuko luke herri bakoitzak, biztanleek hondakinak egoki sailkatuko balituzte?
Mankomunitateak kalean egindako ekintzetan azpimarratu duen moduan, guztiok hondakinak egoki sailkatuko bagenitu, urtean diru kopuru nabarmena aurreztuko luke udalerri bakoitzak, herriko beste esparru batzuetan erabili ahal izateko.
Zehazki, honako kopurua aurreztuko luke urtean Debabarrenako udalerri bakoitzak, hondakinak egoki sailkatuz gero: Debak 159.636 euro urtean, Ermuak 461.967,15 euro urtean, Mendarok 58.020,19 euro urtean, Eibarrek 804.119,52 euro urtean, Soraluzek 114.226,34 euro urtean, Mutrikuk 154.603,48 euro urtean, Mallabiak 34.291,31 euro urtean, eta Elgoibarrek 335.101 euro urtean. Guztira, eskualde mailan, Debabarrenako Mankomunitateak 2.021.964,99 euro aurreztuko lituzke urtean eskualdeko biztanleek egoki sailkatuko balituzte hondakinak.
Informazio guzti hori azaltzeko eta hondakin bakoitza zein edukiontzietan utzi behar den nabarmentzeko, euskarri informatiboak jarri ditu Mankomunitateak informazio puntuetan eta bi ingurumen hezitzaile egon dira herritarren zalantzak argitzen.
Mankomunitateak “Ondo birziklatzea, guztion onura” kanpaina “arrakastatsua” izan dela berretsi du. “Aurreko urteko gabonetan Elgoibarren egin zen konpost banaketari jarraipena emateaz gain, birziklatzearen onurak helarazi dizkiogu biztanleriari”, adierazi dute Mankomunitatetik.