2020ko maiatzean bildu da biohondakin gehien edukiontzi marroiean, Debabarrenan zati hori banatzen hasi zenetik

2020ko ekainaren 26a

2020ko maiatzean 441 tona hondakin organiko bildu dira Debabarrenako edukiontzi marroietan, aurreko urtean baino %11,08 gehiago, zati hori banatzen hasi zenetik datu positiboena lortuz. Bestalde, gaikako bilketa-tasa % 58,80koa izan da, aurreko urtean baino %5,44 altuagoa.

Maiatzean, osasun krisiak eta alarma egoerak egunerokotasuna baldintzatu badu ere, 441 tona hondakin organiko bildu dira Debabarrenako edukiontzi marroietan, 2019ko maiatzean baino % 11,08 gehiago. 

Debabarrenako Mankomunitateak gogorarazi nahi du edukiontzi horretara mota guztietako janari-hondarrak bota daitezkeela, eta baita honako hauek ere: kafe-hondarrak edo infusioen poltsatxoak, zurezko kortxoak eta zotzak, eta baita sukaldeko papera edo arrautzen kartoizko ontziak ere, zikinak badaude. 

Bestetik, errefusaren kopuruak behera egin du, eta “oso albiste ona” dela adierazi du Mankomunitateak, hondakin horiek masan biltzen direlako eta ez direlako birziklatzen. 2019ko maiatzean 1.249 tona bildu ziren, eta aurten, berriz, 1.163 tona. Hortaz, % 6,88ko murrizketa egon da. 

Papera eta kartoiaren berziklapenari dagokionez, %47,47an igo da, 2019ko 297 tonetatik aurtengo 438 tonetara, neurri handi batean sorgailu handien ekarpenari esker. 

Ontzien frakzio erlatiboa ere handitu egin da % 6,72an, 2019ko maiatzean 134 tona izatetik aurten 143 tona izatera iritsi baita. 

Beirak, aldiz, %6,22ko beherakada izan du. 2019ko maiatzean 180 tona bildu ziren, eta aurten 169. Neurri handi batean, hilaren zati haundi batean tabernak itxita egon direlako izan daiteke. 

Datu orokorrei begira, Debabarrena Mankomunitateko gaikako bilketa-tasa % 58,80koa izan da maiatzean, eta 2019ko maiatzeko % 53,36arekin alderatuta, adierazi dute “nabarmen” gainditu dituela aurreko urteko datuak, “oso datu positiboak” direla azpimarratuz. 

Mankomunitateak Debabarrenako herritarrak “zoriondu nahi ditu, hondakinen bereizketari dagokionez, hilabete gorabeheratsu hauetan ere hartu duten konpromezuagatik.” Azpimarratu du normaltasun berrian “ingurumenarekiko errespetua oinarrizkoa” izango dela eta, “oraindik birziklatzeko ohitura ez duten familiei hondakinen bereizketan pausu txikiak ematera animatzen ditu”.  

Hondakinak edukiontzietara eramatean sor daitekeen edozein zalantza izanez gero, Debabarrenako Mankomunitateak gogorarazi nahi du dagozkion kontsultak egin daitezkeela Mankomunitateko 943 700 799 telefonoan edo ingurumena@debabarrena.eus helbide elektronikoan.


Puntu morea