2023ko gaikako bilketaren datuen txosten grafikoa eskuragarri dago herritarrentzat
● 2023 urtean gaikako bilketaren tasa %0,79 jaitsi da, %54,68tik %53,89ra.
Debabarrena Mankomunitateak 2023ko gaikako bilketaren inguruko datuen berri emateko txosten grafikoa argitaratu du herritarrentzat debabarrena.eus webgunean, birziklapen ohitura egokien kontzientzia areagotzeko asmoz, informazioa zabaltzeko.
Bertan jasotzen dira, baita ere, azken urteetan gaikako bilketaren tasak izan duen bilakaeraren datuak, eta ikus daiteke nola 2023an %0,79 jaitsi den tasa hori, %54,68tik %53,89ra, hain zuzen ere.
2023ko gaikako bilketaren datu guztiak
2023an sortu diren hondakin kopurua mantendu egin da, 2022arekin alderatuta: 30.700 tona hondakin sortu ditugu eskualdean, biztanleko 421kg zehazki.
Gaikako bilketan jaistiera leun bat eman da aurreko urtetik hona, hau da, 200 tona hondakin gutxiago jaso dira gaika. Jaitsiera nabramenena beiran eman da, 2022an baino 130 tona gutxiago jaso direlako. Jaitsi egin dira, baita ere, plastiko gogorra, txatarra, gurpilak eta aparailu elektrikoen gaikako bilketa ere. Bestalde, 2022arekin alderatuta, igo egin dira hondakin organikoen gaikako bilketa (100 tona gehiago), kafe kapsulen gaikako bilketa (ia bikoitza jaso da aurten, 7.000 kg) eta hondakin arriskutsuen bilketa (%15 igo da).
2023an egindako aldaketa nagusiak
Mankomunitateak martxan jarri du Gaikako Bilketa Hobetzeko Plana, eta horren aurretik ere, 2023an zehar hainbat ekintza egin ditu eskualdean gaikako bilketa sustatzeko asmoz: papera eta kartoiaren eta ontzi arinen edukiontzi aldaketak, hondakin berrien gaikako bilketa martxan jartzea (film industriala Eibarko gabigunean eta kafe kapsulen 45 edukiontzi berri kalean), elikagaien xahuketa ekiditeko proiektuak, sentsibilizazio kanpainak eta hitzaldiak ikastetxeetan…
2024ko erronkak
2024an Debabarrena eskualdeak hondakinen inguruan duen erronka nagusia da gaikako bilketaren tasa hobetzea, hau da, hondakinak modu egokian sailkatzea dagozkien edukiontzietan. Horretarako, Mankomunitateak neurri irmoak hartuko ditu, hala nola, organikoaren edukiontziak itxiko ditu berriz, arraindegietako sandach hondakinen bilketa berezia jarriko du martxan, bilketa bereziak egingo dira baita ere komertzio eta ostalaritzan, ordutegietara moldatuz, eta, horrez gain, sortzen dituzten hondakinen araberako ordainketa sistema ezartzeko analisia eta inplementazioa egingo da industriaguneetan. Azkenik, berrerabilpena bultzatzeko neurriak ere hartuko ditu Mankomunitateak urte berrian.