%55eko muga gainditu du 2020an Debabarrenak gaikako bilketari dagokionez

2021ko urtarrilaren 28a

Gaikako bilketaren tasa %1,24 hazi da 2020an eta, herritar guztien artean, 371 tonatan murriztu dugu birziklatu ezin diren hondakinen kopurua.

Debabarrena eskualdeak %55,26ko urteko gaikako bilketa tasa lortu du 2020an, 2019an baino %1,24 gehiago. Sortutako hondakin kopuruaren igoera txikia izan dela kontuan hartuta (32 tona), 2020an 2019an baino 403 tona gehiago bildu dira gaika. 

Iosuz Arraiz mankomunitateko lehendakaria pozik agertu da datuekin: “Debabarren osatzen dugun guztion emaitza da eta zentzu horretan esker hitzak ditut eskualdeko herritar guztientzat. Are gehiago hain urte berezia izan den honetan. Pixkanaka geroz eta gehiago birziklatzen dugu, hondakinen sorrera gutxitzeko joerak hartzen ari gara eta ondorioz, gure ingurunea geroz eta gehiago zaintzen dugu. Birziklapenak gugan du eragin positibo gehien. Ondo goaz, baina ezin gara erlaxatu. Mankomunitatean 2030ean %70eko biriziklapen tasan egotea ezarri dugu estrategia eran eta bide horretan atzera pausurik eman gabe jarraitu behar dugu, elkarlanean. Guztion ardura da gure lurra zaindu eta jasangarriak izatea. Ziur nago bat eginik lortuko dugula. Mankomunitatetik hala izan dadin mekanismo eta lan-lerro guztiak abian jartzen jarraituko dugu”. 

Aipamen berezia merezi du errefusaren zatikian lortutako hondakin murrizketak. Mankomunitateak urrian aurkeztu zuen plan estrategikoan helburutzat ezarri zen urtero errefusa edo birziklagarria ez den zatikian 522 tona murriztea. 2020an, urte erdian, errefusa 371 tonatan murriztea lortu da, ezarritako neurriei eta azken hilabeteetan egindako kanpainei esker: ostalaritzari eta saltokiei zuzendutakoa, zatiki organikoari eta kartoi komertzialari dagokienez, eta Gabonetako kanpaina, herritar guztiei zuzendua, sortutako hondakinak behar bezala birziklatzearen garrantzia azpimarratzen zuena.

Urte berezia

2020 urtea desberdina izan da guztiontzat. Konfinamendu zorrotzenean, gaikako bilketa areagotu egin zen, une kritikoetan ingurumen-kontzientzia handitu ohi delako. Une horretan ere Mankomunitateak egoera berrira egokitzen jakin zuen: eskualdeko herrietako kaleetan desinfekzio-zerbitzua areagotzeaz gain, pedalak jarri ziren edukiontzietan, eta organikoaren eta errefusaren edukiontziak ireki ziren, herritarrek modu seguruan birziklatzen jarrai zezaten. Gainera, tamaina handiko hondakinen bilketa indartu zen.

Abenduko datu azpimarragarriak

Hondakinen gaikako bilketa %58,61era heldu da abenduan, 3 puntu igo da 2019ko abenduarekin alderatuta. 434 tona bio hondakin bildu dira edukiontzi marroietan, gure eskualdean inoiz jaso den zatiki konpostagarri honetako kopururik handiena. Gainerako zatikiei dagokienez, 300 tona paper eta kartoi, 149 tona ontzi arin eta 164 tona beira bildu dira.

2021erako erronkak

Helburu nagusia da 2020an lortutako dinamika onari jarraipena ematea. Mankomunitateak eskerrak eman dizkie herritarrei ingurumenarekiko konpromisoagatik, baina ohitura onak mantentzea eta areagotzea beharrezkoa dela azpimarratu du.

Aurten, saltoki handietan, elkarte gastronomikoetan eta arrandegietan hondakinen sorrera murriztearekin lotutako kanpainak egitea aurreikusten da. 2021an ere industrialdeetan film industrialen bilketa egitearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa baloratuko da. 

Mankomunitateak jomuga du, hartutako neurrien, kanpainen eta herritar guztien inplikazioaren bidez, birziklagarria ez den errefusaren zatikia 522 tona murriztea eta proportzio berean handitzea birziklagarriak diren zatikiak.

 


Puntu morea