Arduratsuak izateko deia egin du Mankomunitateak, gaikako bilketaren azken datuekin kezkatuta

2022/07/13
2022ko lehen hilabeteetan, maiatzera bitarte jasotako datuen arabera, %55,09an kokatzen da eskualdeko gaikako bilketa tasa, 2020an baino %0,17 gutxiago.

Mankomunitateak kezka adierazi du gaikako bilketako azken datuen aurrean. 2020an %55,26an kokatu zen eskualdeko gaikako bilketaren tasa, inoizko daturik hoberena lortuz. 2021ean, jaitxiera leun bati jarraiki, urteko bataz besteko datua %55,05ekoa izan zen. 2022ko lehen hilabeteetan aldiz, maiatzera bitarte jasotako datuen arabera, %55,09an dago gaikako bilketaren tasa.

 

Legeak eskatutako gutxieneko tasak betetzen ditu eskualdeak, baina Mankomunitateak urrats bat gehiago eman nahi du, eskualdea ingurumenarekiko mesedegarriagoa izan dadin. Legeak 2020rako %50eko tasa izatea eskatzen zuen, eta eskualdeak bete zuen konpromisoa. 2025erako, aldiz, %55eko tasa izatea eskatzen du eta, egun betetzen den arren, Mankomunitateak kezka adierazi du azken datuei erreparatu ondoren.

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “kezkatuta gaude azken datuekin, izan ere, legeak eskatzen duena betetzen dugun arren, herritarren, enpresen eta eragileen inplikazio irmoarekin, eskualdeko gaikako bilketa tasa hobea izan daitekeela sinisten baitugu. Mankomunitatetik lanean jarraituko dugu gure eskumenaren baitan dauden urratsak ematen, hala nola, bilketa zerbitzuan hobekuntzak txertatuz eta gizarteko kolektibo guztiengan eragiteko ahalegina eginez”. 

Udako hilabeteei begira, “normalean uztailean eta abuztuan birziklapen datuek okerrera” egiten dutela adierazi du Arraizek, eta egoeraren aurrean, “arduratsuak izateko deia egiten diegu Debabarrenako herritarrei, guztion artean soilik lortuko dugulako Debabarrenan gaikako bilketa datuak hobetzea eta eskualde jasangarriagoa izatea. Ezinbestekoa da guztion inplikazioa, eta egunerokotasunean birziklapen ohitura egokiak praktikan jartzea eta sustatzea, etxean, lanean eta kalean.”

 

Erronka nagusia: organikoa eta ontzi arinak behar bezala sailkatzea eta errefusa murriztea

2020tik hona egoera zeharo desberdina da udalerrietan osasun krisiaren eraginez, eta horrek ere eragina izan du hondakinen birziklapenean. Dena den, eskualde mailako erronka nagusiak berdina izaten jarraitzen du: errefus kopurua murriztea, eta ontzi arinak eta hondakin organikoak behar bezala sailkatzea.

Edukiontzi marroian agertzen diren inpropioen kopurua handitzen ari dela adierazi du Mankomunitateak, eta gogorarazten du janari hondakinak, inausketa-hondakin txikiak, saltsekin zikindutako paperak etab. soilik jaso daitezkeela edukiontzi marroian. Horrez gain, azpimarratu du hondakin organikoak poltsa konpostagarrietan soilik jaso behar direla, eta ezin direla plastikozko poltsetan jaso. Izan ere, edukiontzi marroietan identifikatu diren inpropioen artean plastikozko poltsa ugari agertu dira eta hauek edukiontzi guztia kutsatzen dute, eta, ondorioz, bertan dauden hondakin organikoak ezin dira birziklatu.

Ontzi arinak egoki sailkatzea ere Debabarrenak eskualde gisa duen erronka nagusietako bat da, eta baita errefus kopurua murriztea, izan ere, Mankomunitateak 2021ean egindako azterlan baten arabera, errefusaren edukiontzi grisean uzten diren hondakinen %60a baino gehiago material birziklagarriak dira. Hori horrela, Mankomunitateak birziklatzeko ohiturak berreskuratzeko eta sustatzeko eskatu die herritarrei, eskualdea jasangarriagoa eta ingurumenarekiko mesedegarriagoa izan dadin.

 

Hondakinen gaikako bilketa areagotzeko etengabeko hobekuntzan

Mankomunitateak lanean jarraituko du gaikako bilketa hobetzeko bere eskumenaren baitan dauden urratsak eginez. Esaterako, kale garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzuak digitalizatzeko proiektua abiaraziko du udazkenean, zerbitzua eraginkorragoa egiteko behar diren hobekuntzak eta premiak identifikatzeko. Horrez gain, sentsibilizazio lanetan jarraituko du orain arte bezala, indarra jarriz gizarteko eragile ezberdinetan: heziketa saioak eman ditu eskualdeko hainbat ikastetxeetan, enpresetan eta saltoki txikietan hondakin organikoak birziklatzeko baliabideak emateko bisitak egin ditu, etab.

Mankomunitateak herritar, enpresa eta eragile guztiei dei egin die arduratsuak izateko eta hondakinak behar bezala sailkatzeko.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.