Azalera handiko 34 saltokik jaso dute “hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra

2021ko abenduaren 3a

Bisitatu diren azalera handiko 37 saltokietatik, 34k lortu dute “hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra, hondakinak gaika birziklatzeko ohitura egokiengatik.

Mankomunitateak urrian abiarazi zuen azalera handiko saltokien birziklapen ohiturak eta gaikako bilketarekiko duten konpromisoa aztertzeko ekimena, kopuru handiak sortzen dituzten supermerkatuetan eta hipermerkatuetan birziklapen ohiturak sustatzeko helburuarekin.

Denbora honetan, Mankomunitateak hiru bisita egin ditu saltoki bakoitzera, gaikako bilketarekiko duten konpromiso maila neurtzeko eta hobetu daitezkeen ohiturak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko. Azken bisitaren ondoren, eskualdean dauden azalera handiko 37 saltokietatik, 34ri eman zaie “Hemen ondo birziklatzen dugu ikurra”. Honekin batera, gaikako bilketaren alde duten konpromisoa ikusarazteko, erakuslehioan ipintzeko pegatina bat eman zaie ikurra lortu duten saltokiei. Orain, periodikoki saltokien birziklapen ohituren jarraipena egingo da, egoki birziklatzen jarraitzen dutela bermatzeko.

Hiru bisita saltokietara

Hiru bisita egin ditu Mankomunitateak saltoki guztietara. Lehen bisitan, sentsibilizazio kanpainaren berri eman zitzaien saltokiei eta une horretan gaikako bilketarako zituzten baliabideak aztertu ziren, baita gaika biltzen zituzten hondakin kopurua. Bi asteren ondoren egin da bigarren bisita, eta lehen bisitan identifikatutako ohiturak mantendu direla begiratu da gaikako bilketa modu egokian egiten duten saltokien kasuan, eta ohitura horiek hobetu direla ziurtatu da lehen bisitan hondakinak oker bereizten zituztenen kasuan. Azkenik, hirugarren bisitan ere gaikako bilketarekiko duten konpromisoaren jarraipena egin da, eta konpromisoa mantendu dutenei “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra eman die Mankomunitateak, birziklapenaren alde duten erantzukizunaren adierazle gisa. Ikurra lortu duten saltokien zerrenda argitaratuko du Mankomunitateak webgunean.

Egin diren bisitetan, Mankomunitateak eskuorriak banatu ditu eskualdeko gaikako bilketaren inguruko informazioa azalera handiko saltokietan zabaltzeko. Horrrez gain, gaikako bilketa hobetzeko asmoz, eta hondakin organikoak banatuta jasotzeko, azalera handiko saltokiei edukiontziak eta poltsa konpostagarriak doan eman dizkie Mankomunitateak. Saltokien beharren arabera, tamaina desberdinetako kuboak ahalbidetu zaizkie.

Harrera ona eta bisita eraginkorrak

Saltoki guztiek eskuzabalik jaso dituzte Mankomunitateko hezitzaileak, eta egin diren bisitak “beharrezkoak” direla azpimarratu dute gehienek. Mankomunitateak saltoki bakoitzaren gaikako bilketaren datuak lortu ahal izan ditu, eta datu hauek oso baliagarriak izango dira etorkizunean gaikako bilketa hobetzeko eman beharreko urratsak identifikatzeko. Mankomunitatearen asmoa da datozen urteetan ekimena azalera ertain eta txikiko saltokietara zabaltzea.


Puntu morea