Beira gehiago birziklatzeko kanpainan bisitatu diren taberna eta jatetxeen %86ak beira birziklatzen du

2020ko azaroaren 5a

Irailean jarri zen martxan Eibar, Ermua, Deba, Mutriku eta Elgoibarko tabernetan beira gehiago birziklatzeko kanpaina Ecovidrioren laguntzaz, eta tabernetara bisitak egin ondoren, ondorioak aurkeztu ditu Mankomunitateak.

  • Eskualdeko 146 establezimendutara egin zen bisita. Hauetatik 27 itxita zeuden, gehienak Covid-19agatik. Elkarrizketatu ahal izan diren 119 kasuetatik 102k berziklatzen dute beira, %86ak.

Debabarrena Mankomunitateak iraileko bigarren hamabostaldian eta urriko lehenengoan egin du beira gehiago birziklatzeko kanpaina Elgoibar, Deba, Mutriku, Eibar eta Ermuako taberna eta jatetxeetan. Gipuzkoan biztanleko 37,5kg beira jasotzen dira urtean eta Debabarrenan, berriz, 31,5kg. Datu horiek hobetzeko asmoz egin du Mankomunitateak beira gehiago birziklatzeko kanpaina.

Taberna eta jatetxeetara bisitak

Herri horietan beiraren gaikako bilketa handitzearen helburuarekin, eskualdeko 119 taberna eta jatetxe bisitatu dira eta beira birziklatzen laguntzeko bitartekoak eskaini zaizkie ostalariei. Guztira 9 kubo banatu dira eta 7 edukiontziontzi aldatzeko eskatu dute ostalariek, batez ere kubo handietako beira edukiontzietan sartzeko Vacri sistema ezartzeko. 

Ekimenari jarraipena emango dio Mankomunitateak eta beste bi bisita egingo dira sailkapena egoki egiten ari direla bermatzeko. Horrela ez bada, Mankomunitateak neurriak hartuko ditu. 17 establezimenduren kasuan zalantzagarria izan da lehen bisitan emandako erantzuna, eta horregatik, bigarren fase batean beste bisita bat egingo zaie, beira birziklatzen duten taberna eta jatetxeen portzentaia %100era ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoarekin. 

Debabarrenan 413 edukiontzi-iglu daude eta beira bakarrik bota daiteke, ez tapoi edo bestelako kristalik. Beira ez diren hondakinak iglura botatzen badira, birziklatzea zaildu eta edukiontziko beira kutsatu daiteke.

Mankomunitateak gogorarazten du garrantzitsua dela hondakinak ondo bereiztea eta dagokion edukiontzira botatzea.

 


Puntu morea