Birziklapen ohituren azterketa egiten ari da Mankomunitatea hainbat edukiontzi puntutan, edukiontzi marroian hondakin desegoki ugari antzeman ondoren

2023ko urtarrilaren 4a

• Astebetean guztira 3.295 poltsa desegoki aurkitu ditu edukiontzi marroian eta 62 puntu kritiko identifikatu ditu eskualdean.

Urriaren 24an hasi ziren Mankomunitateko bi langile edukiontzi marroitik organikoak ez diren hondakinak ateratzen, helburua izanik biohondakinen edukiontzian geroz eta maiztasun handiagoz agertzen ziren hondakin desegokien azterketa egitea, irtenbideak bilatzeko, eta batez ere, herritarrengan kontzientzia pizteko moduak lantzeko.

Horretarako, Mankomunitateak hainbat puntu kritiko identifikatu ditu herri bakoitzean. Udalerri bakoitzeko errealitatea desberdina denez, ondorengo irizpidearen arabera identifikatu ditu puntu kritikoak Mankomunitateak: Eibarren, Ermuan, Elgoibarren, Mutrikun eta Deban puntu kritiko modura hartu ditu aste batean 20 poltsatik gora inpropio detektatu dituzten hondakin-puntuak, eta, Soraluzen, berriz, 15 poltsatik gora inpropio detektatu dituzten hondakin-puntuak dira puntu kritikoak.

Guztira 62 puntu kritiko eta 3.295 poltsa desegoki astebetean

Aste batean zehar udalerri bakoitzeko edukiontzi puntuak aztertu ondoren, eskualdean guztira 3.295 poltsa desegoki aurkitu ditu Mankomunitateak edukiontzi marroian, eta guztira 62 puntu kritiko identifikatu ditu.

Herriz herri, Eibarren edukiontzi marroira oker botatako 1.319 poltsa atera ditu Mankomunitateak eta 21 puntu kritiko identifikatu ditu. Ermuan astebetean biohondakinak ez ziren eta edukiontzi marroian zeuden 648 poltsa aurkitu ditu Mankomunitateak eta 9 puntu kritiko identifikatu ditu. Elgoibarren aldiz, 641 poltsa desegoki aurkitu ditu Mankomunitateak eta 15 puntu kritiko identifikatu ditu, Mutrikun 282 poltsa desegoki eta 6 puntu kritiko eta Deban 248 poltsa desegoki eta 6 puntu kritiko baita ere. Soraluzen, aldiz, 157 poltsa desegoki aurkitu eta 5 puntu kritiko definitu ditu Mankomunitateak.

Datu kezkagarri horiek ikusita, identifikatutako puntu kritiko horietan birziklapen ohituren jarraipen estua egiten ari da Mankomunitatea, eta hala jakinarazi die inguruko bizilagunei etxeetako atarietan jarritako jakinarazpen bidez. Helburua da herritarren inplikazioa areagotzea gaikako bilketari dagokionez, eta elkarlanean murriztea edukiontzi marroian uzten diren hondakin desegokiak, hau da, biohondakinak ez direnak. Izan ere, hondakinak era desegokian edukiontzietara botatzea lege hauste arin moduan tipifikatzen du Mankomunitateko ordenantzak eta arau hauste honek 600 eurorarteko isuna izan dezake. Puntu kritiko hauetan poltsa desegokiak atera eta berauek aztertu egingo dira. Arau haustea burutu duen herritarra identifikatuz gero, zigor espedientea irekiko zaio.

Mankomunitateak berretsi du inoiz ez dela bere asmoa izan neurri zigortzaileak jartzea, baina bere eginbeharra dela hondakinak behar bezala bereizten dituzten pertsonen lana babestea eta balioan jartzea, pertsona horien dedikazioa beste herritar batzuen jokabide okerrek ezabatzen baitute egun.

Helburua: hondakinen birziklapena areagotzea eta ez oztopatzea

Mankomunitatearen helburua da gaikako bilketa sustatzea eta, kasu honetan, biohondakinen birziklapen zuzena areagotzea kalitatezko konposta egin ahal izateko, hondakinak ongi bereizten dituzten herritarren lana balioan jarriz.

Izan ere, edukiontzi marroira bota behar diren hondakinak, batez ere janari soberakinak, konposta egiteko erabiltzen dira, eta organikoan beste zabor mota batzuk nahasten badira, plastikoak adibidez, ondo bereizten dutenen lana zapuzteaz gain, konposta egitea oztopatzen da, edukiontzi horren birziklapena eragotziz.

Ingurumenean kalte, baita ekonomian ere

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziotik (GHK) ezarritakoaren arabera, biohondakinetan ager daitezkeen inpropio kopurua ezin da %5a baino gehiago izan, eta Debabarrenan kopuru hori gainditu da azken urtean.

Hori horrela, GHK-a aztertzen ari da hondakin organikoak garraiatzen dituzten kamioiak erabili ordez errefusa garraiatzen dutenak bideratzea eskualdera, izan ere, azken aldietan ezin izan baita konpostik egin inpropioak zituzten edukiontzi marroietako bio-hondakinekin, erraustegira bideratu behar izan dira.

Aldaketa honek ingurumenean sor dezaken kalteaz gain, biohondakinak erraustegira bideratuko liratekelako, eragin ekonomiko larria ere izango luke eskualdean, izan ere, jasotzen den hondakin tona bakoitzeko 143 euro ordaintzetik 186 euro ordaintzera pasako litzateke Mankomunitatea.

Puntu morea