Debabarrenako Mankomunitateak beira gehiago birziklatzeko kanpaina jarriko du abian Deba, Mutriku eta Elgoibarko tabernetan

2020/09/17
Helburua da herri horietan beiraren gaikako bilketa handitzea.
  • Tabernetara bisitak egingo dira eta baliabideak ipiniko zaizkie oraindik beira birziklatzen ez duten establezimenduei.

  • Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: “hondakinen bilketa eta birziklatzea Mankomunitateak dituen etorkizunerako erronka handienak dira, bai berehalakoak, bai epe luzekoak, eta aurreikusten da erabaki estrategiko nagusiei aurre egin beharko zaiela epealdi honetan.”

2018an Eibarren eta Ermuan egin zen moduan, aurten beiraren gaikako bilketa handitzeko helburuarekin egingo dira tabernetara bisitak Deban, Mutrikun eta Elgoibarren. Prentsaurrekoan aurkeztu dute kanpaina Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak eta Idoia Alvarez Debako ingurumen teknikariak. Arraizek adierazi duenez, “hiri-hondakinen kudeaketa egokia herritarren (pertsona, familiak eta enpresak) lankidetzaren hasierako konpromiso handiarekin hasten da. Herritarrek hondakinak murrizteko eta jatorrian bereizteko eman dezaketen laguntza funtsezko urratsa da hondakinentzat aurreikusitako berreskuratze-helburuak lortzeko. Honi erantzuten dio kanpaina berri honek.”

Beira gehiago birziklatzeko kanpaina Ecovidriorekin garatu da eta irailaren 18an jarriko da martxan. Hiru bisita egingo dira Deba, Mutriku eta Elgoibarko tabernetara. Lehenengoan eskutitz bat emango zaie, beira gaika bildu eta iglu berdera botatzeko duten derrigortasuna azpimarratuz. Bigarren eta hirugarren bisitetan sailkapena egoki egiten ari direla bermatuko da eta, horrela ez bada, Mankomunitateak neurriak hartuko ditu. 

Ecovidriok eta Mankomunitateak gurpildun kuboak emango dizkie behar duten tabernei eta ahal den neurrian tabernak dauden esparruetan Vacri sistema ezarriko da igluetan. Prentsaurrekoan aurkeztu dute nola erabiltzen den beira birziklatzeko sistema hau: kuboa edukiontzian eskegitzen da eta era hidrauliko baten bidez kuboko beira edukiontzira bota daiteke modu erraz eta erosoan. Arraizen hitzetan, “Mankomunitatearen helburua da herritarrek beren hondakinak biltzeko sistema eraginkor eta eroso bat eskura izan dezaten bermatzea, birziklatze- eta berreskuratze-politikak ahalik eta gehien bultzatzeko.”

2019an zehar 2.302 tona beira bildu ziren iglu berdearen bidez Debabarrenan, hau da, 31,5kg eskualdeko biztanle bakoitzeko. Datu hauek onak badira ere, hobetzeko esparrua badagoela diote Mankomunitatetik, haintzat hartuta Gipuzkoa mailan 37,5kg biltzen direla biztanle bakoitzeko. Horregatik sustatu nahi da tabernen inplikazioa. Debabarrenan 413 edukiontzi-iglu daude eta beira bakarrik bota daiteke, ez tapoi edo bestelako kristalik. Beira ez diren hondakinak iglura botatzen badira, birziklatzea zaildu eta edukiontziko beira kutsatu daiteke.

 

Mankomunitatearen plangintza estrategikoa

Iosu Arraizek azpimarratu du “hondakinen bilketa eta birziklatzea Mankomunitateak dituen etorkizunerako erronka handienak” direla, “bai berehalakoak, bai epe luzekoak, eta aurreikusten da erabaki estrategiko nagusiei aurre egin beharko zaiela epealdi honetan.” Mankomunitateak gutxi barru aurkeztuko du erronka horiei erantzuteko Plan Estrategikoa, ardatza izanik 2030erako eskualdeko gaikako bilketaren %70a lortzeko helburua.

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.