Debabarrenako Mankomunitateak eta Mutrikuko Udalak proba pilotu bat martxan jarriko dute udalerrian ontzi arinen gaikako bilketa hobetzeko

2024ko martxoaren 7a

Mutrikun 2023an guztira 163 tona ontzi arin jaso zituen Mankomunitateak. Honek esan nahi du biztanleko 29 kilogramo ontzi arin birziklatu zirela. Datu hauek, Gipuzkoako batazbestearekoren azpitik daude. Dena den, Debabarrena eskualdeko birziklatze datu onenak ditu Mutrikuk.

Mutrikuko Udalak eta Debabarrenako Mankomunitateak lankidetzan proba pilotua martxan jarriko dute. Ekimenaren helburu nagusia udalerriko ontzi arinen gaikako bilketaren datuak hobetzea izango da. Horretarako, Mutrikuko 24 edukiontzi horietan gailu adimendundun dispositiboak jarriko dira.

Aipatutako proiektua herritarrei zuzenduta dagoenez, martxoan zehar bilera irekiak egingo dira Mutrikuko puntu ezberdinetan proiektuaren nondik norakoak sakontasun gehiagoz azaltzeko. Apirilean, aldiz, herritarren ekarpenak jasoko dira eta ikastetxeetan lanketa egingo da. Azkenean, proiektua maiatzaren hasieran jarriko da martxan eta urtebeteko iraupena izango du gutxienez.

“Mutrikuko lehen alkateordea naizen aldetik, esan beharra daukat harro sentitzen garela Debabarrena eskualdeko hondakinen gaikako bilketako datu onenak dituelako Mutrikuk. Era berean, pozgarria da Mankomunitateak Mutriku aukeratu izana proba pilotu hau herri mailan martxan jartzeko. Beraz, mutrikuar guztion lan ona goraipatu nahiko nuke. Hala eta guztiz ere, hobetzeko tarte handia dugu oraindik. Ondorioz, mutrikuar guztioi proiektuan parte hartzera animatzen zaituztet. Honela, denon artean egoera hobetu eta Mutrikuko gaikako bilketako datuak Gipuzkoako herri onenen artean egotea lortuko genuke”, adierazi du prentsaurrean Ainhize Azpiazu Azkarraga, Mutrikuko lehen alkateordeak.


Joan den ostiralean, martxoaren 1ean, Txurruka plazan edukiontzi hori baten karakterizazioa egin zen proiektuaren aurrekari gisa. Honela, edukiontzi horira botatzen dena aztertzeko aukera izan zen. Bertan argi geratu zen ontzi arinen edukiontzira beste edukiontzietan sailkatu beharreko materiala botatzen dela. Dena den, Mankomunitateko ingurumen teknikariak adierazi duenez “Mutriku aukeratu dugu proba pilotua egiteko eskualde mailan gaikako bilketa datu onenak dituen herria delako, eta gaikako bilketarekiko herritarren inplikazioa gainontzeko herrietan baino altuagoa izanik, proiektua gauzatzeko aukera handiagoak ematen direlako. Ondo bidean, gainontzeko udalerrietan aplikatzea aztertuko da”.

Sariak ontzi arinak egokien sailkatzen dituzten herritarrentzat

Esan bezala, proiektuak ontzi arinen gaikako bilketa sustatzea du helburu. Hau da, gaika biltzen diren ontzi arinen kantitatea eta kalitatea handitzea. Horretarako, herritarren inplikazioa ezinbestekoa da. Hori horrela, herritarren konpromezua handitzeko asmoz, ondo sailkatzen diren ontzi arinengatik puntuak eskuratzeko aukera egongo da eta hilabetero saria bana banatuko da ontzi arinak gaika biltzeagatik puntu gehien eskuratzen dituzten herritarren artean.

Maiatzaren hasieran, Mutrikuko edukiontzi horietan mankomunitateak gailu adimendunak instalatuko ditu edukiontzien bi zuloetako batean. Hau da, orain arte bezala jarraitzeko aukera (eta proiektuan ez parte hartzekoa) mantenduko da. Baina, proiektuan parte hartu nahi duten herritarrak txartel edo mugikorreko app espezifiko baten bidez identifikatuko dira eta gailua dagoen zulotik sailkatuko dituzte ontzi arinak. Gailuak botatako ontzia identifikatuko du eta egoki sailkatuta badago, ontzi motaren arabera, puntuak emango dizkio herritarrari. Hilabetero Mutrikuko produktuez osatutako saskia banatuko da puntu gehien dituzten herritarren artean.

Herritarrekin bilera irekiak

Proiektua sakonago azaltzeko, herriko puntu ezberdinetan bilerak egingo dira arratsaldeko 18:00etan. Honako egunetan egingo dira batzarrak:

  • Martxoaren 12an Pikupe auzoan
  • Martxoaren 13an San Mikolla auzoko ermitaren parean
  • Martxoaren 14an Entzusen
  • Martxoaren 15ean Urazamendin
  • Martxoaren 18an Beheko eroski parean
  • Martxoaren 19an Goiko plazan
  • Martxoaren 21ean Kutxa parean

Eskola komunitatea ere inplikatzeko asmoz apirilaren amaieran ekintza ezberdinak egingo dira. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa jaso du.

Puntu morea