Edukiontzi urdin eta hori berriak abenduaren 1etik aurrera erabili ahal izango dira

2023ko azaroaren 13a

Mankomunitatea edukiontzi urdin eta hori berriak instalatzen hasi da eskualdeko herrietan, eta zerbitzuz kanpo daude abenduaren 1era arte, zerbitzu berria martxan jartzen denera arte.

Debabarrenako Mankomunitatea azaroaren 6an hasi zen edukiontzi lateral berriak jartzen eskualdeko herrietan, horiak eta urdinak, igluak ordezkatzeko 456 edukiontzi guztira, eta zerbitzu berria abenduaren 1ean hasiko da. Ondorioz, instalatu diren edukiontzi berriak ezingo dira erabili abenduaren 1era arte.

Edukiontzi berrietan argi adierazten da zerbitzuz kanpo daudela, baina Mankomunitateak atzeman du herritarrak dagoeneko edukiontzi hauek erabiltzen hasi direla eta gogorarazi nahi du zerbitzuz kanpo daudela abenduaren 1era arte, izan ere, orain bertan uzten diren hondakinak ezin izango dira hustu abenduaren 1era arte, zerbitzu berria martxan dagoen arte, alegia.

Horrez gain, Mankomunitateak edukiontzi berriak instalatzeko, kenduko diren igluak metro gutxi batzuk mugitu behar izan ditu, eta atzeman du herritar ugari hasi direla zabor poltsak lurrean uzten, igluetara gerturatu eta bertan bota ordez. Igluak probisionalki mugitu dira, edukiontzi lateral berriak martxan jarri bitartean, eta Mankomunitateak mesedez eskatzen du abenduaren 1era arte igluetan botatzeko hondakinak.

Edukiontzi berriak, abenduaren 1etik aurrera erabilgarri

Edukiontzi berriek aho handiagoa dute, eta horrek hondakinak bertara botatzea errazten du. Herritarrei erosotasuna ematea da zerbitzu berriaren helburua, eta bide batez, zerbitzua hobetzea, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzea lortzen baita. Irudi aldetik ere aldaketa ekarriko du lateralizazioak, edukiontzi guneen uniformetasuna ahalbidetuko baitu.

Abenduaren 1ean hasiko den zerbitzu berria Prezero enpresak emango du, zeinarekin Mankomunitateak zortzi urteko kontratua sinatu duen, gehienez 8.153.675 euroko aurrekontuarekin, kontuan hartuta enpresak kobratuko duen zenbateko osoa aldakorra izango dela jasoko dituzten edukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuak paperaren eta kartoiaren zatikien bilketa, ontzi arinena eta pilena barne hartzen ditu, baita edukiontzien garbiketa ere.

Puntu morea