Eskualde osoko zortzi ikastetxeetan egingo ditu karakterizazioak Mankomunitateak, hondakinen inguruko kontzientziazioa areagotzeko
Soraluze BHI, La Salle Azitain, Elgoibarko Ikastola, Mendata BHI, Goizeko Izarra, Mutriku BHI, Elgoibar BHI eta Ermuako San Pelayo ikastetxeetan egingo ditu Mankomunitateak hondakinen karakterizazioak.
Mankomunitateak gizarteko hainbat talderi zuzendutako sentsibilizazio-kanpainak egiten jarraitzen du gaikako bilketa areagotzeko helburuarekin, eta eskualdeko bigarren hezkuntzako ikastetxeetan ekimen berri bat jarri du abian.
Mankomunitateko teknikariek ikastetxe bakoitzetik hurbilen dagoen edukiontzi grisaren karakterizazioak egingo dituzte ikastetxeetako patioan, edukiontzi grisean botatzen diren hondakinak aztertzeko, izan ere, datuek erakusten dutenez, normalean gaizki sailkatutako hondakinak agertzen dira. Karakterizazioa egin ondoren, gaizki birziklatutako hondakinek dagokion udalerriko zaborren tasan duten eragina aztertuko da, baita hondakin horiek behar bezala sailkatuz gero aurreztuko litzatekeena ere.
Belaunaldi berrietan eragitea
Ekimenaren helburu nagusia da belaunaldi berriak hondakinen gaikako bilketaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, hondakinen sailkapen egokiarekin lotutako ingurumen, gizarte eta ekonomia onurei buruzko kontzientzia sortzeko. Ekimen honen bidez ikasleak onura horien berri ematean, pentsamolde jasangarria sustatu nahi da txikitatik, belaunaldi berriak ahaldunduz, ingurumen-aztarna murrizteko aldaketa-eragile bihur daitezen.
Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du.