Eskualdean jasotako bio-hondakinekin sortutako 200kg konpost banatu zituen Mankomunitateak Elgoibarren

2021ko abenduaren 23a

Ehunka herritar hurbildu ziren Aita Agirre plazan jarritako postura konposta eta petunia-haziak zituen lorontzi biodegradagarri txiki bat jasotzera.

Debabarreneko Mankomunitateak abenduaren 16an banatu zuen eskualdeko bio-hondakinekin sortutako konposta Elgoibarren. Guztira 200kg konpost banatu ziren, petunia-haziak zituen lorontzi txiki batekin batera, eta ehunka herritar hurbildu ziren Aita Agirre plazan jarritako postura.

"Gabonetako oparirik onena: hondakinei bigarren bizitza bat ematea" kanpainaren baitan egindako ekimena zen, hondakinak birziklatuta bigarren bizitza bat ematen zaiela ikusaraztea helburu zuena. Gabonetako opari gisa, birziklapen ohitura onen emaitzak oparitu nahi izan dizkie Mankomunitateak herritarrei. Xede nagusia izan da birziklatzen duten pertsonei adieraztea hondakinak birziklatzeko egiten duten ahaleginak baduela eragin positiboa. Eta, oraindik modu egokian birziklatzen ez dutenei erakustea badaudela ohiturak aldatzeko eta hondakinak gaika biltzen hasteko pisuzko arrazoiak, eta guztion artean gure eskualdean aldaketa sortzeko gai garela.

400 pertsonatik gora 

Mankomunitatearen karpa 9:00etik 13:30era egon zen Aita Agirre plazan, eta guztira 400 pertsona baino gehiago gerturatu ziren Debabarrenako Mankomunikateak jarritako postura, eskualdean birziklatutako bio-hondakinekin sortutako konposta doan jasotzeko. Gainera, opari gisa, bakoitzak lorontzi biodegradagarri txiki bat ere eraman zuen etxera, petunia-hazi batzuekin.

Ingurumen hezitzaileak egon ziren postuan, herritarrei arreta emateko, eta batzuek kontsultak egiteko eta birziklapenari buruzko zalantzak argitzeko aprobetxatu zuten. Beste batzuek, aldiz, sakonago ezagutu nahi izan zuten edukiontzi marroiaren funtzionamendua: non biltzen diren hondakin organikoak, zein urrats jarraitzen dituen konpost bihurtu arte…

Oraingoz, kanpaina Elgoibarren bakarrik egin da, eta Mankomunitateak Debabarreneko gainerako herrietara zabaltzeko aukera aztertuko du orain.

Gabonetan birziklatzen jarraitzeko deia

Mankomunitatetik azpimarratu dute Gabonetan hondakinak gaika biltzea bereziki garrantzitsua dela, urteko garai honetan hondakin kopuru handiak sortzen direlako. Eta, herritar guztiei egin diete dei birziklapen ohitura egokiak praktikan jarri eta haien familia eta lagunartean zabaltzeko.


Puntu morea