Europak ezarritako helburua gainditu du hondakinen gaikako bilketak Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatean, eta % 53,55era iritsi da

2019ko martxoaren 11a

Lehen aldiz ekitaldi oso bat % 50aren gainetik itxi da, 2017ko emaitzak ia bost puntuz gaindituz, eta Europak 2020rako ezarritako helburuak bi urte lehenago betez. Edukiontzien sistemak sartutako hobekuntzek emaitzen gorakada ekarri dute berekin, eta udalerri guzti-guztiek emaitza hobea lortu dute gaikako bilketan.

2018an Debabarreneko Mankomunitateak gaikako bilketaren ehunekoak hobetzen jarraitu du, eta % 53,55era iritsi da . Lehen aldiz ekitaldi bat itxi da % 50aren gaineko batezbesteko batekin, ia bost puntu 2017ko emaitzen (% 48,88) gainetik eta 3,55 puntu 2020rako Europako helburuaren (% 50) gainetik. Joera hori berretsi egin da urteko azken zatian eta ekitaldi berriaren hasieran, ehunekoek batezbesteko horiek gainditu dituztelako nabarmen; hala, abenduan gaikako bilketa % 57,76 izan zen, eta 2019ko urtarrilean, berriz, % 60,98. Eta datu horien garrantziaz ohartuko gara kontuan hartzen badugu Mankomunitatean gaikako bilketa pasatu dela 2013an % 29,62ko izatetik azken hilabete hauetan % 60 izatera, gutxi gorabehera; emaitzak bikoiztu egin dira beraz.

Urteko batezbestekoetara itzuliz, eta datu hori udalerriz udalerri aztertzen badugu, Mutrikun lortu dituzte emaitzarik onenak (% 65,72), eta jarraian Deban (% 61,78) eta Eibarren (% 56,18). Hiru kasu horietan ehunekoa Mankomunitatearen batezbestekoaren gainetik ibili da, baina nabarmentzekoa da udalerri guztietan ere emaitza hobeak lortu direla. Azpimarratzekoa da Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen gaikako bilketa % 29,62tik % 53,55era igo dela 2013tik 2018ra bitarte, eta, horrenbestez, gaikako bilketaren ehunekoa ia-ia bikoiztu egin dela, 2020 baino lehen % 60ko helburua lortzea ezarrita.

Mankomunitateko presidente Arcadio Benítezek emaitza horiek balioetsi ditu honako hau adierazita: “Mankomunitateak bitartekoak jarri ditu eta zifrak onak dira, baina gizartea sentsibilizatzen jarraitu behar dugu are gehiago parte har dezan”. Era berean, adierazi duenez, edukiontzien sistema berriaren aldeko apustuak biohondakina biltzeko eta errefusa murrizteko erritmoa bizkortu du, eta, horri esker, udalerri guzti-guztietan emaitza hobeak lortu dira. “Arreta berezia jarri behar dugu bereizketa behar bezala egiteko hondakin bakoitza bere edukiontzian utzita, bilketaren kalitatean ere irabazteko ”.

Bilketaren datuak aztertzen badira, esanguratsuena zera da, gaika bildutako hondakinek errefusa gainditzen dutela, lehen aldiz. Zehazki, 2018. urtean gaikako bilketa 16.879 Tn. izan zen, errefusa (14.641 Tn) baino 2.000 Tn. gehiago, hain zuzen. Horrek esan nahi du 2017aren aldean funtsezko aldaketa gertatu dela, urte hartan errefusa 700 Tn. gehiago izan baitzen gaikako bilketa baino. Kudeatutako hondakinen bolumenaren guztizkoa kontuan hartzen badugu, zertxobait gora egin eta 2017an 31.478 tonatik 2018an 31.520 tonara iritsi dela ikusiko dugu. Jarduera ekonomikoaren eta kontsumoaren hobekuntzari zor zaio ziur asko hazkunde txiki hori. Horrela izanda ere, gaikako bilketaren emaitza askoz ere modu esanguratsuagoan hobetu da, eta errefusaren gainetik jartzea ahalbidetu dio horrek.

Zatika, biohondakinak jarraitzen du lehenengo postuan, 4.813 tonarekin. Materia organikoan, hileko batezbestekoa 401 Tn. da, ia 50 Tn. gehiago 2017an hilero jaso zena baino. Eta gainerako zatietan ere emaitzak hobetu dira: papera 2017ko 3.824 tonatik 2018ko 3.944 tonara; beira 2017ko 2.121 tonatik 2018ko 2.253 tonara, eta ontziak 2017ko 1,219 tonatik 2018ko 1.544 tonara, hurrenez hurren. Mankomunitateak edukiontzi-sistema berria ezarri ondoren gertatu da igoera hori, zati guztietan.

Datu horiek biztanleen kopuruarekin lotzen baditugu, biztanleko hondakinen sorkuntza 2018an 431 kilora iritsi zen guztira, eta horietatik 231 kilo gaika bildu ziren eta 200 kilo errefus gisa.

Edukiontzien sistema berria

Edukiontzi grisaren erabilera bere udalerri guztietara zabaldu zuen Debabarreneko Mankomunitateak, birziklatzearen arloan Europak ezarritako helburura iristeko, % 50a gainditzeko eta 2020. urtean % 60ra iristeko bere estrategiaren barruan. 2018ko emaitzak % 53,55era iritsi dira, eta udalerrietan 5 edukiontzien sistemaren alde egindako apustua bermatzen dute: grisa errefuserako, marroia organikorako, urdina paper/kartoirako, horia enbalajeetarako eta berdea beirarako.

 


Puntu morea