Gaikako bilketak bilakaera positiboa izan du 2021eko lehen hiruhilabetean

2021/03/31
2021eko lehen hiruilabetean 85 tona errefus gutxiago bildu dira gaika Debabarrenan, 2020ko datuekin alderatuta. Gaika bildu den organiko kopuruak, berriz, 43 tona egin du gora.

Mankomunitateak lanean dihardu etengabe eskualdean gaikako bilketaren datuak hobetzeko, eta 2030erako %70eko gaikako bilketara iristea du helburu. Bide horretan, ezinbestekoa da errefusa edo birziklatu ezin diren hondakin kopurua murriztea. 

Errefusa murrizteko moduak bilatzen hasi aurretik, azterketa bat egin zuen Mankomunitateak, non ondorioztatu zen Debabarrenan errefusaren edukiontzi grisean uzten diren hondakinen %65a birziklagarriak direla, hau da, edukiontzi okerrean uzten direla, ez baitira errefusa.

Urtarriletik aurrera, bilakaera positiboa

2021eko urtarrilean hasi zen errefusaren edukiontzian zeuden hondakin kopurua murrizten, eta lehen hiruhilabetean 2020an baino 85 tona errefus gutxiago bildu dira. Biohondakinen zatikian, berriz, 43 tona hondakin gehiago bildu dira 2020arekin alderatuta. 

Mankomunitateak aldaketa hauek “oso positiboak” direla dio. “Badirudi egiten ari garen sentsibilizazio ekintzak eraginkorrak direla, eta gutxinaka, guztion inplikazioari esker, ari garela gaikako bilketaren inguruko ohiturak hobetzen. Herritarrek geroz eta argiago dute hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzeak duen garrantzia, eta gutxinaka biltzen dugun errefusa kopurua txikitzen ari gara guztion inplikazioari esker, hondakinak dagozkien edukiontzietan uzten direlako. Eskerrak eman nahi dizkiegu ingurumenaren alde pauso txikiak ematen ari diren herritar guztiei, denon artean soilik lortuko dugulako gaikako bilketa hobetzea.”

Otsaileko datuak, tendentzia positiboaren adierazle

Iazko otsailarekin alderatuz %2 egin du gora gaikako bilketak eskualdean, %51,35etik %53,34ra hain zuzen ere. Sortutako hondakin kopurua mantendu den arren, 2.310.000 kg,  bildutako errefus kopurua jaitsi da eta 48.000 kg gutxiago bildu dira. Organikoari dagokionez, ordea, kopurua igo egin da eta 25.000 kg gehiago jaso dira, herritarrak gutxinaka hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uztearen garrantziaz konturatzen ari direnaren adierazle.

Mankomunitateak edukiontzi bakoitzean zein hondakin utzi daitezkeen lantzen jarraituko du gizartea osatzen dugun herritar, eragile eta erakundeei zuzendutako sentsibilizazio ekintzen bidez.  Esaterako, Gabonetan birziklapena sustatzeko sentsibilizazio kanpainak izandako eragina ikusita, pasa den astean “Horian Zer?” kanpaina ipini zen martxan, edukiontzi horira zer bota daitekeen eta zer ez azaltzeko. 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.