II. Berdintasun Plana onartu du Debabarrenako Mankomunitateko Batzar Nagusiak

2022ko azaroaren 25a

2023-2026 urte bitartean egongo da indarrean eta helburu du emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala sustatzea erakunde barruan eta honek egiten dituen kanpo ekintzetan.

Debabarrenako Mankomunitateak Berdintasun Plana eguneratu du berdintasun politikak sustatzeko helburuarekin, eta 2023-2026 bitartean indarrean egongo den II. Berdintasun Plana onartu du aste honetan Batzar Nagusiak.

Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak azpimarratu duenez, “gizarte berdinzaleago baten alde lan egiten jarraitzeko, garrantzitsua da erakunde barnean dauden berdintasun politiken jarraipen estua egitea, hauek aztertzea eta eguneratzea, behar berrietara egokitzeko eta jardunbide justuagoak eta berdinzaleagoak sustatzen jarraitzeko. Horregatik, diagnostiko fase baten ondoren, II. Berdintasun Plana onartu berri du Mankomunitateak aho batez”.

Mankomunitateko eta Badesako langile talde batek osatzen duen Berdintasun Batzordeak garatu du plana, Daiteke aholkularitza enpresaren gidaritzapean. Zehazki hiru emakumek eta hiru gizonek osatzen dute Mankomunitateko Berdintasun Batzordea eta plana garatzen hasi aurretik, sexuen araberako diagnostiko kuantitatibo eta kualitatibo sakona egin dute. Hala nola, honakoak aztertu ditu: lantaldearen datu orokorrak (sexua, adina…), kontratazio prozesuak, formakuntza, profesionalki hazteko aukerak, lan eta soldata baldintzak, kontziliazio erantzunkidea, sexu jazarpenaren prebentzioa…

Emakumeen eta gizonen arteko aukera eta tratu berdintasuna bermatzea helburu

Diagnostiko sakonaren ostean, honakoak dira Berdintasun Batzordeak II Berdintasun Planean definitu dituen helburu nagusiak: Mankomunitateak emakumeen eta gizonezkoen aukera eta tratu berdintasuna bermatzea eta kudeaketan eta estrategian genero ikuspegia txertatzea. Horrez gain, planak xede du emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna sustatzea, balio bereko lanetarako ordainsari berdintasuna bermatzea, jokabide sexistak saihesteko prebentzio neurriak hartzea eta eragile berdinzale traktore gisa jardutea, Mankomunitateak gizartean eragiteko duen gaitasunaren ikuspegitik.

Zazpi lan lerro

Helburuak lortzeko, zazpi lan lerro definitu ditu Berdintasun Batzoreak II. Berdintasun Planean.

Berdintasun Planaren kudeaketa, kontratazioa eta sustapena, emakumeen ordezkaritza murritza, kontziliazio erantzunkidea, emakumeen eta gizonezkoen berdintasunari buruzko prestakuntzak, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentzioa eta komunikazio inklusiboa.

Lan lerro horien baitan ekintza plana zehaztu da II Berdintasun Planean, eta baita jarraipena egiteko indikadoreak ere.

Sexu jazarpenaren aurkako protokoloa

II. Berdintasun Planaren lanketarekin batera, Mankomunitatearen jardunean berdintasuna bermatzeko urratsen baitan, 2022ko maiatzean onartu zuen Mankomunitateak lan esparruko sexu jazarpenaren aurkako protokoloa, generoan oinarritutako diskriminazio suntsitzaileen aurka eragiteko hainbat neurri barnebiltzen dituena.


Puntu morea