Jasangarritasun Energetikorako Plana onartuta
18 ekintza definitu dira Mankomunitatearen jardueretan jasangarritasun energetikoa sustatzen jarraitzeko.
2021ean hasi zen Mankomunitatea trantsizio energetikoari bidea ematen, ibilgailu-flotak isuritako gas kutsagarriak murrizteko plan bat diseinatuz. Ordutik, hainbat barne-ekintza jarri ditu martxan, besteak beste, ibilgailu elektrikoak erosi ditu daudenak ordezteko eta hondakinak biltzeko zerbitzuaren eta kale garbiketa zerbitzuaren ingurumen inpaktua txikitzeko. 2023an eman zion hasiera Jasangarritasun Energetikorako Plana osatzeko lehen faseari, eta aste honetan onartu da behin betiko Plana.
Enerki Ahorro Energetiko SL enpresak garatu du Plana eta Mankomunitateak Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa izan du horretarako. Honakoak dira helburu nagusiak: energia-eredu berri baterako trantsizioa egitea eta energia-kontsumoaren eta CO2 isurien ekarpena gutxitzea, tokiko errealitatera egokitzen den eta erreferentzia-esparrua izango den Ekintza Plan Energetikoa definitzea, eta 2022ko datuetan oinarrituta, Debabarrena Mankomunitatearen energia-kontsumoa %35 murriztea 2030erako.
Jasangarritasun Energetikoaren Plana faseka egin da. Lehenik, egungo egoeraren diagnostiko bat garatu da eta Planean barne hartzen diren eraikin, instalazio, argiteria publiko eta ibilgailuen inbentarioa egin da, baita energia-kontsumoa eta bakoitzaren kalifikazio energetikoaren inguruko datuena ere.
18 ekintza berri
Guztira 18 ekintza definitu dira Mankomunitatearen jardueretan jasangarritasun energetikoa sustatzen jarraitzeko, hala nola, urteko inbertsio-plan bakoitzean ordezko erregaiak erabiltzen dituzten ibilgailu bat edo bi txertatzea, garbiguneak energia-iturri berriztagarriez hornitzea- dagoeneko martxan dago proiektu hau-, eta instalazioen egungo argiztapena eraginkorrago eta iraunkorrago batekin ordezkatzea.