Kartoi komertziala ordutegiz kanpo ateratzea, edukiontzi kanpoan agertzen diren hondakinen arrazoi nagusia

2022ko urriaren 14a

Edukiontzi kanpoan uzten diren hondakinen inguruko inspekzioak egiten dihardu Mankomunitateak, eta dagokion kasuetan neurriak hartzen.

2022ko otsailean hasi zen Mankomunitatea edukiontzi inguruetako puntu batzuetan pilatzen diren hondakinen inspekzioak egiten eta neurriak hartzen, herritarrek azaldutako kezkari erantzunez. Izan ere, edukiontzien kanpoan dauden hondakinek ingurua zikintzen dute eta herriko zenbait kaleetan ibiltzea esperientzia desatsegin bihurtzen dute.

 

Uztailera bitarte inspekzioak, batez ere, Ermuan eta Eibarren egin zituen Mankomunitateak, eta irailetik aurrera Mendaron, Elgoibarren eta Soraluzen ere esku hartzen ari da.

92 edukiontzi puntu aztertuta

Otsailetik hona, guztira 92 edukiontzi puntuetan egin du jarraipena Mankomunitateak Ermuan, Eibarren, Mendaron, Elgoibarren eta Soraluzen, eta hondakinak aurkitu dituzte kokaleku horietako 43 edukiontzien kanpoan.

Irailetik hona egindako inspekzioei dagokienez, Mendaron 8 edukiontzi puntu aztertu dira eta horietako 4etan aurkitu dira hondakinak edukiontzietatik kanpo. Elgoibarren, aldiz, 14 edukiontzi puntu aztertu dira eta 8etan zeuden hondakinak kanpoan. Azkenik, Soraluzen 10 edukiontzi puntutan egin dira inspekzioak eta 3 edukiontzien kanpoan agertu dira hondakinak.

Kasu gehienetan kartoi komertzialak aurkitu dira, ordutegiz kanpo utzi direnak edukiontzien kanpoaldean. Poltsa beltz handiak ere maiztasunez agertu dira inspekzioetan eta baita egurrezko kaxak ere. Gogoratu kartoi komertzialak edukiontzietara ateratzeko ordutegi zehatza duela udalerri bakoitzak.

Mankomunitateak edukiontzi puntu hauen inguruko establezimenduak bisitatu ditu arduradunak aurkitzeko eta jokabide okerraz informatzeko. Jokabide hauek errepikatzen direla nabarmenduz gero, isunak ezarriko direla adierazi du Mankomunitateak.


Puntu morea