Lurrazalekoengatik aldatu ez diren lurpeko 65 edukiontzi berrituko ditu Mankomunitateak

2021/11/11
Azaroaren 15ean hasiko dira lanak herriz herri, lehenik Elgoibarren, eta ondoren Mutrikun, Eibarren, eta Ermuan. Bi fasetan egingo dira, abenduko oporraldiaren aurretik eta ondoren.

Aste honetan amaitu dira eskualdeko lurpeko 52 edukiontzi lurrazalekoengatik aldatzeko lanak. Irailean hasi ziren lanak eta herriz herri egin dira Mallabian, Ermuan, Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun. 

Josu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “Egin ditugun aldaketekin lurpeko edukiontzien kopurua murriztu da, hauen mantentzeak dakarren gastua txikitzeko eta herritarrei lurpeko edukiontzien konponketek sortzen dizkieten eragozpenak ekiditeko. Helburua izan da hondakin bilketaren eraginkortasuna eta praktikotasuna handitzea, mantentze gastuak murriztea, zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzea. ”

“Mankomunitateak zehaztutako kronograma bete da kasu guztietan, eta lurrazaleko edukiontziak gutxien eragozten duten lekuan ipini dira, herritarren egunerokotasuna oztopatzen ez duten tokian. Estetikoki homogeneoak dira guztiak eta Mankomunitateko langileek hondakinak azkar jaso ditzaten kokatu dira. Modu honetara, hondakinak biltzean zarata murriztuko da eta langileen segurtasuna eta erosotasuna bermatuko da”, azpimarratu du.

Lurrazalekoengatik aldatu ez diren lurpeko edukiontziak berritzea

Lurpeko 52 edukiontzi lurrazalekoengatik aldatu ondoren, Mankomunitateak jarraipena emango die lurpeko edukiontziekin zerikusia duten lanei. Azaroaren 15ean hasita, eskualdeko 65 lurpeko edukiontzi berrituko ditu, egoera txarrean daudelako eta mantentze lanen baitan, hauek hondatu aurretik eguneratzeko eta Mankomunitatearen zerbitzuak kalitatezkoa izaten jarraitu dezan. 

Lanak Ermuan, Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun egingo dira, herriz herri oraingoan ere.  Bi fasetan egingo dira, abenduko oporraldiaren aurretik eta ondoren. Mankomunitateak kronograma bat osatu du, eta lehenik Elgoibarren hasiko dira azaroaren 15ean. Ondoren, Mutrikun, Eibarren eta azkenik Ermuan egingo dira lanak.

Jokin Alberdik, Mankomunitateko zerbitzuen tekniko arduradunak azaldu du lanen nondik norakoa: “lehenik lurpeko edukiontzien ekipamendu zaharkituak osorik erretiratuko dira puntu guztietan, eta erretiratutako material guztiak baimendutako hondakinen kudeatzaileengana eramango dira, behar bezala birziklatu eta tratatzeko. Ondoren, lurpeko edukiontziak kokatzen diren zuloak garbitu eta egokituko dira, eta azkenik ekipamendu berria jarriko da. Helburua da egoera txarrean dauden lurpeko edukiontziak eguneratzea eta berritzea, hondatu aurretik.”

Soterratu berrien suministroa, egin beharreko obra eta instalazioaren aurrekontua 921.522,47 eurokoa da (BEZa barne).

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.