Mankomunitateak 14.890.565 euroko aurrekontua onartu du 2022rako

2022ko urtarrilaren 20a

Ahalegin ekonomiko nagusia hiri-hondakinen gaikako bilketa eta kudeaketa hobetzeko partidetan eta Jasangarritasun Energetikoaren Planaren garapenean dago.

Debabarrenako Mankomunitateak onartu du 2022rako aurrekontua: 14.890.565,16 eurokoa izango da, iaz baino 386.074,16 euro (% 2,66) gehiago. 2022rako aurrekontuaren helburua da gaur egun ematen dituen zerbitzuen kalitateari eustea, hobekuntzak txertatuz eta gastuei eusteko ahalegina eginez, Mankomunitatea osatzen duten Udalei kuotak ez gehitzeko.

Gaur egun Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuak mantenduko dira, eta bilketa-zerbitzuan hobekuntzak egingo dira, hala nola, tamaina handiko hondakinak biltzeko hirugarren gidari bat kontratatuz zerbitzua indartuko da, Mendaron eta Mallabian kale-garbiketarako bi gidari postu berri jarriko dira, eta trantsizio energetikorako proiektuak gauzatuko dira.

Beraz, ahalegin ekonomiko nagusia hiri-hondakinak gaika biltzeko eta kudeatzeko partidetan egingo da: 9.196.621,51 euro bideratuko dira horretara, 2021ean baino 68.254,53 euro gehiago. Atal honetan, indartu diren partida hauek nabarmentzen dira: lanpostu berriak sortzeko langile-gastuak, uharteen garbiketa, poltsa biodegradagarrien erosketa, atzeko kargako kamioi baten eta alboko kargako beste baten erosketa...

Bilketaren ostean, kale-garbiketako atala da bigarren garrantzitsuena. Mankomunitateak 4.252.587,65€ bideratuko ditu kale garbiketa zerbitzura, 2021ean baino 177.744,55 euro gehiago. Atal honetan, egungo zerbitzuari eutsiko zaio, inbertsioetan ahalegin handiena eginez: bi makina garbitzaile erosiko dira, horietako bat elektrikoa, sasiak garbitzeko makina elektrikoak, presio bidezko garbiketa-makina, etab.

Azpimarratu behar da Mankomunitateak 2022an 185,44 euro inbertituko dituela herritar bakoitzeko hondakinen bilketan, birziklatzean eta kale garbiketan.

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak, azpimarratu duenez, “ahalegin berezia egin dugu Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzeko, eskualdeko birziklatze-datuak hobetzen jarraitzeko. Izan ere, horrek kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta herritarren inplikazioa eskatzen ditu, eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzeko gure aldetik egin dezakegun guztia egiteko konpromisoa hartu dugu aurten ere.” 

Trantsizio energetikoa sustatzeko partida berriak

Arraizek azpimarratu duenez, “hondakinen bilketa eta kale garbiketa zerbitzuak garapen iraunkorrerako ezinbesteko tresnak diren arren, Debabarrena gero eta eskualde jasangarriagoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa izan dadin urratsak ematen jarraitu nahi dugu. Horregatik, 2022ko aurrekontuan bi partida berri txertatu dira, 26.000 eurokoak guztira, Jasangarritasun Energetikoaren Plana garatzeko eta Mankomunitateko ibilgailu-flota eraldatzeko bideragarritasuna aztertzeko, eredu iraunkorragoetarako trantsizio energetikoa sustatzeko. Aurtengo aurrekontuan jasotzen diren inbertsiorik nabarmenenak ere trantsizio energetikoari bidea egitearekin estuki lotuta daude, esaterako, ibilgailu elektrikoen erosketa.”

Inbertsioak eta diru-sarrerak

2022rako aurreikusitako inbertsio nagusiek bideak garbitzeko eta hiri-hondakin solidoak biltzeko zerbitzuak emateko erabiliko diren baliabide materialak hobetzeko beharrak estaltzen dituzte. Inbertsio horiek bat datoz ibilgailuak eta makina amortizatuak birjartzearekin. Inbertsioa, guztira, 1.376.142 eurokoa izango da.

Diru-sarrerei dagokienez, Mankomunitateak guztira 843.502 euroko diru-sarrerak izango ditu baliabide propioetatik, 2021ean baino 37.641 euro gehiago, hein handi batean Mankomunitateak Saica Natur Norte SLrekin papera eta kartoia saltzeko sinatu duen kontratuari esker, Mankomunitatearentzako diru-sarreretan 95.000 euro sortzea aurreikusten baita.

Esan bezala, helburua izan da, ahal den heinean, Udalen kuotak mantentzea eta gastuei baliabide propioekin aurre egitea. Horretarako, Ecoembesek emandako 600.000 euroko diru-laguntza (2021ean baino 65.000 gutxiago) eta Eibarko Udalak kartelak kentzeko eta fatxadak garbitzeko emandako finantziazioa (77.000 euro, aurreko urtean bezala) jasoko ditu Mankomunitateak.

Udalerri bakoitzari finkatutako kuotak:

Udalerri bakoitzari esleitutako kuoten zenbatekoaren xehetasuna (Eibarko Hiri Hondakinen kuotaren kasuan, Eibarko Hiri Hondakinen tasarekin estali beharreko kostuari dagokio):

 

Gastu arrunta

Kostu gehienak igotzen ari dira, batez ere pertsonalari dagokion gastua eta GHK-k fakturatutako hondakinen alta kudeatzeko gastua.

Zehazki, 2021arekin alderatuta, GHKren prezioak %3an igotzea aurreikusten da, baita erregaien kostua igotzea ere. Gainera, Gipuzkoako Urak enpresak Eibarko hiri-hondakinen tasa kobratzeko egindako kudeaketa-kostuak ere gora egin du.

Langileen gastuari dagokionez, 2022ko aurrekontuan Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko hiru lanpostu berri kontratatzea aurreikusten da, eta %2ko soldata-igoera ere bai. Horrekin guztiarekin, langileen gastua 6.851.682 eurokoa da.


Puntu morea