Mankomunitateak 15.934.487 euroko aurrekontua onartu du 2023rako
• Ahalegin ekonomiko nagusia hiri-hondakinen gaikako bilketa eta kudeaketa hobetzeko partidetan egin da, baita Jasangarritasun Energetikoaren Plana, zerbitzuen digitalizazioa eta Eibarko Transferentzia Estazioaren eraberritzea bezalako proiektuen garapenean ere.
Debabarrena eskualdeko Mankomunitateak 2023rako 15.934.486,76 euroko aurrekontua onartu du, iaz baino 1.043.921,60 euro gehiago (%7,01). Urte berrirako aurrekontuaren helburua da gaur egun ematen dituen zerbitzuen kalitateari eustea da, hobekuntzak txertatuz eta gastuei eusten saiatuz, Mankomunitatea osatzen duten udalei kuotak gehiegi ez handitzeko; hori guztia, inflazioaren ondorioz etengabe kostuak nabarmen igotzen ari diren testuinguruan, erregaiaren gastua eta ibilgailuen konponketa- eta mantentze-lanetako gastuen igoera nabarmenduz.
Mankomunitateko lehendakariak, Iosu Arraizek, azpimarratu duenez, “aurrekontu hauek Mankomunitatearen konpromisoa eta apustua sendotu nahi dute, 2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak lortzeko, Debabarrena eskualde jasangarriagoa izan dadin. Horrez gain, gaikako bilketa tasa hobetzen jarraitzea dugu helburu, egun %54,69an dagoena”.
Mankomunitateak gaur egun eskaintzen dituen zerbitzuak mantenduko dira, eta hobekuntzak egingo dira bilketa-zerbitzuan, hala nola 6 hilabetez kontratatuko dira hainbat pertsona zatiki organikoko edukiontzietan inpropioen kopurua murrizteko. Horrez gain, Eibarko bide-garbiketako zerbitzua indartzeko helburuarekin, bi hidrogarbigailu jarriko dira erabilgarri. Halaber, Deban eta Mutrikun kaleak garbitzeko zerbitzua indartuko da, ekainetik irailera bitartean peoi bat gehiago ahalbidetuz. Gainera, langileen ordezkapenetarako zuzkidura handitu da baja, opor eta errefortzu kasuetarako, baita Mankomunitatearen jasangarritasun energetikorako trantsiziora bideratutako proiektuak gauzatzeko ere.
Beraz, ahalegin ekonomiko nagusia hiri-hondakinak gaika biltzera eta kudeatzera bideratutako partidetan egin da. Partida horien zenbatekoa 9.317.804,36 eurokoa da guztira, hau da, aurrekontu osoaren erdia baino gehiago, eta 2022an baino 121.182,86 euro gehiago. Atal honetan, indartu diren esparru hauek nabarmentzen dira: bajak, baimenak edo oporrak direla-eta langileak ordezkatzeko langile-gastuak, ibilgailuen mantentze-lanak eta konponketak, ibilgailuen erregaia etab.
Iosu Arraizek azpimarratu duenez, “iaz gaikako bilketa hobetzea genuen helburu, materiala berritzeko inbertsioen bidez. Orain, 2023ra begira, Mankomunitateak gaikako bilketaren arloan eskaintzen duen zerbitzua hobetzen jarraitzea da helburua, arreta berezia jarriz langileen ongizatean eta zerbitzuan erabiltzen diren ibilgailuen hobekuntzan”.
Gaikako bilketaren ondoren, kale garbiketak du pisu berezia aurrekontuan. Mankomunitateak 4.484.943,21€ erabiliko ditu horretarako, 2022an baino 232.355,56 euro gehiago. Arlo horretan, Eibarko hidrogarbigailu bidezko zerbitzua indartu da, eta inbertsioetan ahalegin nabarmena egin da: bi ekortzeko makina, espaloi-garbigailu bat, desugertzeko makina elektriko bat etab. erosiko dira zerbitzua hobetzen jarraitzeko.
Nabarmentzekoa da, halaber, aurrekontuan 41.000 euroko partida berriak sartu direla, uharteen garbiketa indartzeko, Jasangarritasun Energetikoaren Plana garatzeko eta Mankomunitateko ibilgailu-flotaren eraldaketaren bideragarritasuna aztertzeko, eredu jasangarrietarako trantsizio energetikoa sustatzen jarraitze aldera.
“Trantsizio energetikorantz urrats garrantzitsuak egin ditugu 2022an, bi ibilgailu elektriko erosi ditugu eta hirugarren bat eskuratzeko lizitazioa jarri dugu martxan. Datorren urterako helburua bide horretan jarraitzea eta hainbat arrazoi medio aurten garatu ezin izan dugun Jasangarritasun Energetikoaren Plana garatzea da”, adierazi du Arraizek.
Inbertsioak eta diru-sarrerak
2023rako aurreikusitako inbertsio nagusiek kaleak garbitzeko eta hiri-hondakinak gaika biltzeko zerbitzuak emateko erabili beharreko baliabide materialak hobetzeko beharrak asetzen dituzte. Inbertsio horiek bat datoz amortizatutako ibilgailuak eta makineria birjartzearekin. Horrez gain, zerbitzuak digitalizatzeko eta Eibarko Transferentzia Estazioan egin beharreko berrikuntzetarako partida bat ere aurreikusi da. 2023rako inbertsioa guztira 1.735.626 eurokoa da (2022an baino % 26,1 gehiago).
Diru-sarrerei dagokienez, Mankomunitateak 1.132.847 euroko diru-sarrerak izango dituela aurreikusten da, baliabide propioetatik datozenak, hau da, 2022an baino 289.3451 euro gehiago, neurri batean Mankomunitateak Saica Natur Norte SL enpresari papera eta kartoia saltzeko sinatu duen hitzarmenari esker. Kontratu horrek dirusarrera gisa 175.000 euro sortzea aurreikusten du Mankomunitatearentzat.
Esan bezala, helburua izan da, ahal den heinean, Udalen kuotei eustea eta gastuak baliabide propioekin ordaintzen saiatzea. Horretarako, Mankomunitateak 650.000 euroko finantzaketa jasoko du Ecoembes-en eskutik, ontziak eta papera gaika biltzeagatik eta sentsibilizazio-kanpaina bat ere finantzatuko du erakundeak, guztira 2022an baino 50.000 euro gehiago bideratuz Mankomunitatera. Horrez gain, Eibarko Udalak kartelak kentzeko eta fatxadak garbitzeko zerbitzua kontratatu dio aurten ere Mankomunitateari, 77.000 euroko diru sarrerak bermatuz, aurreko ekitaldiaren kopuru berdina. Horrez gain, hidrogarbigailua indartzeko zerbitzuagatik 149.815 euro ordainduko dizkio Eibarko Udalak Mankomunitateari.
Udalerri bakoitzari esleitutako kuoten zenbatekoaren xehetasuna: (Eibarko hiri-hondakinen kuotaren kasuan, Eibarko hiri-hondakinen tasarekin estali beharreko kostuari dagokio)
Gastu arrunta
Kostu gehienak igotzen ari dira oro har, bereziki langileen gastua eta GHK-k fakturatutako hondakinen altako kudeaketa-gastua, baina GHK-k fakturatu beharreko zenbatekoaren kasuan Mankomunitateak ez du aurreikusten 2023an igoerarik gertatuko denik.
Bestalde, erregaien kostua eta uraren eta lixibiatuen arazketa-kanona igotzea aurreikusten da, baita Gipuzkoako Urakek Eibarko hiri-hondakinen tasa kobratzeko kudeaketa-kostua ere.Langileen gastuari dagokionez, 2023ko aurrekontuan aurreikusten da 6 hilabeterako hainbat pertsona kontratatzea biohondakinen inpropioak aztertzeko eta hidrograbigailu zerbitzua indartzea. Gainera, % 2ko soldata-igoera aurreikusi da. Horrekin guztiarekin, langileen gastua 7.152.872,48 eurokoa da.