Mankomunitateak eskualdeko edukiontzien lateralizazioa jarriko du martxan
Hondakinak edukiontzietara botatzea erraztuko duten edukiontziak jarriko dira, gaikako bilketa handitzeko asmoz.
Debabarrenako Mankomunitateak gaikako bilketari lotutako zenbakiak handitzeko lanean jarraitzen du. Hala, bide horretan beste pauso bat emango da datozen asteetan. Izan ere, edukiontzi lateralak jartzen hasiko Mankomunitatea datorren astean eskualdeeko herrietan, igluak ordezkatuz.
Mutikun hasiko dira edukiontzi berriak jartzen, eta azaroan zehar aldatuko dira gainerako herrietan ere: Deban, Mendaron, Soraluzen, Elgoibarren, Eibarren, Ermuan eta Mallabian. Zerbitzu berria abenduaren 1ean hasiko da.
Edukiontzi berriek aho handiagoa dute, eta horrek hondakinak bertara botatzea errazten du. Herritarrei erosotasuna ematea da zerbitzu berriaren helburua, eta bide batez, zerbitzua hobetzea, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzea lortzen baita. Irudi aldetik ere aldaketa ekarriko du lateralizazioak, edukiontzi guneen uniformetasuna ahalbidetuko baitu.
Abenduaren 1ean hasiko den zerbitzu berria Prezero enpresak emango du, zeinarekin Mankomunitateak zortzi urteko kontratua sinatu duen, gehienez 8.153.675 euroko aurrekontuarekin, kontuan hartuta enpresak kobratuko duen zenbateko osoa aldakorra izango dela jasoko dituzten edukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuak paperaren eta kartoiaren frakzioen bilketa, ontzi arinena eta pilena barne hartzen ditu, baita edukiontzien garbiketa ere.
Aldatuko diren edukiontziak identifikatu
Dagoeneko identifikatu daitezke eskualdeko kaleetan aldatuko diren edukiontziak, izan ere, “Agur!” dioen pegatina bat jarri die Mankomunitateak, herritarrek jakin dezaten laster edukiontzi hori karga lateraldun baten ordez aldatuko dela.