Mankomunitateak Plan Estrategikoa eta irudi korporatibo berria aurkeztu ditu

2020/10/08
Debabarrena Mankomunitateak epe ertain eta luzerako Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur, eta baita ibilbide horretan erabiliko den irudi korporatibo berria ere.
  • Iosu Arraiz, mankomunitateko lehendakaria: “erakundeak epe ertain eta luzera izan behar duenaren zerumuga marrazten duen Plan Estrategiko bat edukitzea funtsezkoa da guretzat, erakundea osatzen duten pertsona guztiek ahaleginak helburu komun batean kontzentratu ahal izateko.”

  • “Debabarrena: denona da, izan garbi” da Mankomunitatearen irudi korporatibo berriaren leloa, eta marka indartzea eta eguneratzea du helburu, etapa berriko erronkei aurre egiteko irudi sendo bat eraikitzeko. 

Debabarrena Mankomunitateak epe ertain eta luzerako Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur, baita hemendik aurrera plan estrategikoan zehaztutako helburuak lortzeko erabiliko den irudi korporatibo berria ere. 

Plan Estrategikoa: hondakin bilketa eta garbiketa zerbitzua ardatz

Iosu Arraiz, mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “Plan Estrategikoaren xedea da Debabarrenako bizi-kalitatea hobetzen laguntzea, hondakinen eta kale-garbiketa zerbitzuak kudeatuz eta jasangarritasunaren bidean pausuak emanaz alor orotan. Baita, eraginkortasunean, iraunkortasunean eta berrikuntzan erreferentziazko erakundea izaten jarraitzeko pausuak ematea.” 

Bi oinarri ditu planak: hondakin bilketa eta garbiketa zerbitzuak. Hondakin bilketaren alorrean, 2030 urtean %70eko birziklapen tasa lortzeko jomuga du Mankomunitateak. “Horretarako ezinbestekoa da herritarren lankidetza. Herritarrak hondakinen kudeaketaren inguruan kontzientziatzea dugu helburu, pertsonek eta eragileek sortutako hondakinak hobeto kudeatzeko duten konpromisoa areagotzeko”, azpimarratu du Arraizek. Bestalde, hondakinak biltzeko guneen hobekuntzan ere eragin nahi du Mankomunitateak, estetikoki eta funtzionalki, hondakinak uztea erraztuz eta lehen aldiz bereizteko oztopoak kenduz. “Debabarrena Mankomunitatearen helburua, arlo honetan herritarrek beren hondakinak biltzeko sistema baten eskuragarritasuna bermatzea da, birziklatze- eta berreskuratze-politikak ahalik eta gehien bultzatzeko. Edukiontzien sisteman hobekuntzak sartuko ditugu erabilera optimizatzeko.” Zatikien bilketaren eraginkortasuna hobetzea eta orokorrean emandako zerbitzuak hobetu eta udalerri bakoitzaren beharretara egokitzea lortu nahi da, ardatza izanik ingurumen-inpaktua minimizatzea.

Guzti hori helburu esanguratsuena lortzeko da: 2030ean %70eko birziklapen tasa lortzea. “Horretarako lanean dihardugu, ikusiz zein sortzaile taldetan eta eremutan eragin behar dugun”, adierazi du Mankomunitateko lehendakariak.

Gaikako bilketaren % 70eko tasa lortzeko, eta hondakinen sorrera egonkorra 31.500 tonatan mantenduz (egun Mankomunitateak duena), 22.050 tona hondakin bildu behar dira gaika, eta 9.450 tonak errefusa izaten jarraituko lukete. Horrek esan nahi du 2030erako 5.216 tona gehiago bildu behar direla modu selektiboan. 10 urterako helburuak direnez, urtero errefusa edukiontzietatik 522 tona "atera" beharko lirateke, gaikako bilketarako edukiontzien artean banatzeko. Horretarako, jarduera-eremu bakoitzeko planteatu diren helburuak honakoak dira: herritarrek 2.608 tona murriztu beharko lituzkete 10 urtean, urteko 261 tona, eta merkataritzan eta industrian, sektore bakoitzean 1.304 tona murriztu beharko lirateke 10 urtean, 130’4 tona urtean.

Plan Estrategikoan garbiketa zerbitzuari dagokionez, helburu nagusia da zerbitzuak udalerrien behar espezifikoetara egokitzea. Mankomunitateko lehendakariaren hitzetan, “makinerian eta teknologian inbertituko dugu, bide-garbiketa hobetzeko, espaloien garbiketa azpimarratuz. Mankomunitatearen zerbitzuak berrantolatuko ditugu, bereziki udazkenari begira, estolderia garbitzeko prebentzio-bitarteko gisa, eta herritarren kontzientziazioa bultzatuko dugu, bide publikoan ahalik eta hondakin gutxien sortzeko”.  Beste zerbitzu osagarriak ere aztertzen ari da Mankomunitatea, hobetzeko helburuarekin. 

Etapa berria, irudi korporatibo berria

Ibilbide berriaren isla, irudi korporatiboa eguneratu du Mankomunitateak. Helburua da marka indartzea eta eguneratzea, Plan Estrategikoan aipatutako erronkei aurre egiteko irudi sendo bat eraikitzeko. 

Logotipo berriak Deba-Barrena hitzak dituen bi kontzeptuen batuketa adierazten du (Deba + Barrena), eta hori oinarri hartuta, Deba hitzaren D hizkia eta Barrena hitzaren B hizkia uztartzen ditu: D-ak B-a bere barrenean hartzen du, eta D-ak B-a bere baitan inguratzen du. Kolore berdea da irudi korporatibo berriaren funtsa, Debabarrena Mankomunitatearen filosofiaren oinarri diren natura eta ekologiaren baloreekin uztartzeko.

Lelo berria laburra eta zuzenekoa da: “Denona da, izan garbi”. Bi modutara interpretatu daiteke, alde batetik, "Denona da" mezua azpimarratzen du "izan garbi" (tenlo claro) jokoa erabilita; baina aldiberean, Debabarrena eskualdea denona izanik garbia izateko deia ere luzatzen du (sé limpio). “Herritarra inplikatu nahi dugu, eta bat eginik Debabarrena garbi, ekologiko, jasangarri eta politika publiko partekatuan oinarri eraikia garatu”, azpimarratu du Arraizek.

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.