Ostalaritzako 220 establezimendu bisitatzen ari da Mankomunitatea Eibarren eta Ermuan, beira birziklatzea sustatzeko

2023ko martxoaren 23a

• Helburua da beiraren birziklapena areagotzea eta gaikako bilketa hobetzeko ostalariek dituzten beharrak ezagutzea.

Debabarrenako Mankomunitateak lanean jarraitzen du eskualdeko gizarte talde desberdinetan eragiten, gaikako bilketaren inguruko sentsibilizazioa handitzeko eta ohitura jasangarriagoak sustatzeko.

2020an egin zuen beira modu egokian birziklatzeko sentsibilizazio eta jarraipen lanketa Debako, Mutrikuko eta Elgoibarko tabernetan, eta aurten Eibarren eta Ermuan egingo du.

Ecovidriorekin elkarlanean garatutako egitasmoa da, eta dagoeneko hasi dira ingurumen hezitzaileak Ermuako tabernak bisitatzen Mankomunitatearen izenean beiraren birziklapena areagotzeko.

Bisitan, eskutitz bat ematen diete ostalariei, non adierazten den derrigortuta daudela beirazko ontziak birziklatzea Mankomunitatearen ordenantzak arautzen duenaren arabera. Gainera, beira plastikozko ontzietan uztea debekatuta dagoela jakinarazten zaie, azken hilabeteetan beiraren edukiontzian plastikozko poltsa ugari agertu direlako, eta hauek edukiontziak hondatzen dituztelako.

Bisiten helburua da baita ere ostalarien beharrak ezagutzea gaikako bilketari dagokionean, behar izanez gero, ontzi edo kubo berriak ahalbidetzeko. Horrez gain, pegatina batzuk ere ematen zaizkie adieraziz zer utzi daitekeen eta zer ez beiraren edukiontzian, birziklatzeko kuboetan jarri ditzaten gogorarazpen gisa, gaikako bilketa modu egokian egiteko.

Puntu morea