Ostegunean hasiko da Mankomunitatea Mutrikuko lurpeko edukiontziak lurrazalekoekin ordezkatzen

2021/10/19
Mallabian, Ermuan, Eibarren eta Elgoibarren lanak amaituta, Mutrikukoak aldatzen hasiko da Mankomunitatea ostegunean.

Mankomunitateak lurpeko edukiontziak lurrazalekoekin aldatzen jarraitzen du eskualdeko hainbat puntutan. Mallabia, Ermua, Eibar eta Elgoibarko lanak amaituta, Mutrikuren txanda da orain. Ostegunean hasiko dira Mutrikuko lurpeko hainbat edukiontzi aldatzen. Eskualdean dagoeneko 41 edukiontzi ordezkatu dira eta Mutrikun guztira 11 edukiontzi aldatuko dira, zaharkituta daudelako eta berritzeko beharra dutelako. Mutrikukoak aldatzean amaitutzat emango dira 52 lurpeko edukiontzi lurrazalekoekin ordezkatzeko lanak. 

Aldaketarekin lurpeko edukiontzien kopurua murriztuko da, hauen mantentzeak dakarren gastua txikitzeko eta herritarrei lurpeko edukiontzien konponketek sortzen dizkieten eragozpenak ekiditeko. Helburua da hondakin bilketaren eraginkortasuna handitzea, zerbitzuaren kalitatea hobetzea, eskualdeko gaikako bilketa hobetzea eta mantentze gastuak murriztea.

Lurrazaleko edukiontziak gutxien eragozten duten lekuan ipiniko dira, herritarren egunerokotasuna oztopatuko ez duten tokian. Estetikoki homogeneoak izango dira guztiak eta Mankomunitateko langileek hondakinak azkar jaso ditzaten kokatuko dira. Modu honetara, hondakinak biltzean zarata murriztuko da eta langileen segurtasuna eta erosotasuna bermatuko da.

Mutrikuko lanen kronograma

Urriaren 21ean hasiko dira lanak Portuko jaitsierako eta Teniento Txurruka 9ko edukiontziak aldatuz. Ondoren, Alcibar 6koak aldatuko dira eta, lanak egiteko aparkaleku bat hartuko da.

Almirante Gazteñeta 8n aldatuko dira lurpeko edukiontziak ondoren, eta, puntu honetan ere, aparkaleku bat hartuko da lanak egiteko. Azkenik, San Nikolas Ermitako lurpeko edukiontziak aldatuko dira lurrazalekoekin. Mutrikuko lanak bukatzean, amaitutzat emango dira eskualdean 52 lurpeko edukiontzi lurrazalekoekin ordezkatzeko lanak.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.