Tekniker, Ideko eta eskualdeko beste hainbat enpresetara bisitak, hondakin organikoen bilketa indartzeko

2022ko maiatzaren 19a

• Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: “Debabarrena eskualdean enpresa sare garrantzitsua daukagu, eta gehienak jasangarritasunaren aldeko urratsak egiten ari dira azken urteetan. Mankomunitatetik gizarteko kolektibo ezberdinengan gaikako bilketa sustatzeko egiten ari garen lanaren baitan, hondakin organiko ugari sortzen dituzten enpresetara hurbildu gara oraingoan, hondakinak bereizteko dituzten ohiturak aztertzeko eta ohitura horiek hobetzeko dituzten beharrak entzun eta baliabideak emateko”.

Debabarrenako Mankomunitatea jangela propioa duten enpresak, industrialdeetan kokatuta dauden eta hondakin organiko ugari sortzen dituztenak eta industrialdeetako jatetxeak bisitatzen ari da, hondakin organikoen gaikako bilketa sustatzeko.

Dagoeneko aste honetan bisitatu ditu jantokia duten enpresak, horien artean Tekniker eta Ideko, hondakin organikoak birziklatzeko ohiturak aztertzeko eta, behar izanez gero, erraztasunak eta baliabideak emateko.

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, “Debabarrena eskualdean enpresa sare garrantzitsua daukagu, eta gehienak jasangarritasunaren aldeko urratsak egiten ari dira azken urteetan. Mankomunitatetik lanean dihardugu gizarteko kolektibo guztiengan birziklapen ohitura egokiak sustatzen. Esaterako, ingurumen hezkuntza saioak ematen ari gara ikastetxeetan, eta "Hemen ondo birziklatzen dugu” kanpaina garatu dugu eskualdeko saltokietan. Bestalde, Eibarren martxan jarri dugu proiektu pilotu bat jantokietan elikagaien alferrikako xahuketa ekiditeko. 2020an, materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko kanpaina bat egin genuen fruta-dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan, eta egindako lanari jarraipena emateko, eta materia organikoaren gaikako bilketa sektore gehiagotan sustatzeko, eskualdeko enpresengana hurbildu gara oraingoan, hondakinak gaika biltzeko dituzten ohiturak aztertu, beharrak entzun eta baliabideak eskaintzeko. Izan ere, guztion inplikazioa ezinbestekoa da gaikako bilketaren tasa hobetzeko.”

Bi bisita, lehena beharrak identifikatzeko eta bigarrena baliabideak emateko

Mankomunitatea egiten ari den bisitek helburu dute egungo zerbitzuak baloratzea eta gaikako bilketa hobetzeko enpresek dituzten beharrak identifikatzea, batez ere hondakin organikoei dagokienean, papera eta ontzi arinak jasotzeko kudeatzaile propioak izaten baitituzte orohar.

Enpresetara lehen bisita egiten ari da Mankomunitatea orain, eta harrera ona izaten ari da, hondakinen arduradunek interesa erakusten baitute gaikako bilketa hobetzeko eman ditzaketen pausuetan.

Lehen bisitan hondakin organikoen gaikako bilketa egiteko dituzten beharrak identifikatu ondoren, Mankomunitateak bigarren bisita bat egingo du enpresetara ekainaren bigarren hamabostaldian, lehen bisitan adostutako baliabideak emateko: organikoa jasotzeko edukiontzi berriak, tamaina jakin bateko edukiontzi marroiak etab.


Puntu morea