Udalerrietan ekintzak Hondakinak Prebenitzeko Europako astearen baitan “Ondo birziklatzea, guztion onura” lelopean

2022ko azaroaren 17a

Aurten fokua hondakinak egoki sailkatzearen onuretan jarri du Mankomunitateak Hondakinak Prebenitzeko Europako astearen baitan herriz herri egingo dituen ekintzetarako.

Azaroaren 19tik 27ra ospatuko da aurten Europa mailan Hondakinak Prebenitzeko Astea, hondakinen kudeaketa egokiari buruzko kontzientziazioa sustatzeko helburuarekin. Horregatik, Mankomunitateak hainbat ekintza antolatu ditu eskualdeko udalerrietan hondakinak egoki sailkatzearen onurak azpimarratzeko.

Iosu Arraizek, Mankomunitateko lehendakariak prentsaurrean adierazi duenez, “iaz udalerrietako plazak zaborrez beteta erakutsi genituen irudi errealisten bidez, sortzen ditugun hondakin kopuru erraldoien inguruan kontzientziatzeko. Aurten, aldiz, hondakinak egoki sailkatzearen onuretan jarri nahi dugu azpimarra, gaikako bilketa areagotzeko arrazoi gehigarriak emateko herritarrei eta norberak hondakinak birziklatzeko egiten duen ahaleginak baduela eragin positiboa ikusarazteko”.

“Beti errepikatzen dugu hondakinak modu egokian sailkatzean ingurumenarekiko begiruneatsugoak izateko eta gizakion ingurumen aztarna gutxitzeko urratsak ematen ari garela. Dena den, “Ondo birziklatzea, guztion onura” kanpaina berriaren bidez, egungo gizartera beste ikuspegi batetik hurbildu nahi dugu, hondakinak modu egokian sailkatzeak guztiontzat eta norberarentzat dakartzan onurak plazaratuz, hausnarketa areagotzeko eta ohitura aldaketak eragiteko”, gehitu du Arraizek.

Hori horrela, Debabarrenako Mankomunitateak hainbat ekintza egingo ditu eskualdeko udalerrietan.

Konpost banaketa informazio puntuetan

Iazko gabonetan “Gabonetako oparirik onena: hondakinei bigarren bizitza bat ematea” kanpaina pilotua egin zuen Mankomunitateak Elgoibarren eta doan banatu zuen eskualdean birziklatutako bio-hondakinekin sortutako konposta Aita Agirre plazan, landare haziak zituen lorotzi bidegradagarri batekin batera. 400 pertsonatik gora gerturatu ziren, eta ekimenak izandako harrera ona ikusita, aurten gainerako herrietara zabaltzea erabaki du Mankomunitateak.

Hori horrela, hondakinak gaika banatzearen onurak azpimarratzeko, eskualdean birziklatutako hondakin organikoekin sortutako konposta banatuko du aurten herriz herri Mankomunitateak. Ondorengo leku eta datetan jarriko ditu informazio puntuak:

Data

Herria

Lekua

Ordua

Azaroak 21, astelehena

Mutriku

Eulogio Ulazia plaza

9:30-13:00

Azaroak 22, asteartea

Deba

Herriko plaza

9:30-13:00

Azaroak 23, asteazkena

Soraluze

Plaza berria

9:30-13:00

Azaroak 24, osteguna

Eibar

Unzaga plazako harmailak

9:30-13:00

Azaroak 25, ostirala

Ermua

Cardenal Orbe

9:30-13:00

 

Iaz Elgoibarren egin zen moduan, konpostarekin batera lorontzi biodegradagarri txiki bat ere emango zaie herritarrei, petunia-hazi batzuekin, irudikatzeko hondakinak egoki birziklatuz gero bigarren bizitza bat ematen zaiela.

Informazio puntuetan bi ingurumen hezitzaile egongo dira, herritarrek hondakinen inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzen eta hondakin bakoitza modu egokian birziklatzeko informazioa ematen. Horrez gain, informazio puntuetan jartzeko euskarri bereziak sortu ditu Mankomunitateak, hondakin bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den argi eta modu bisualean adierazteko, konposta jasotzera gerturatzen direnek ikus ditzaten.

Karakterizazioak, edukiontzietako hondakinak aztertzeko

Eskualde mailan dauden birziklapen ohiturak aztertzeko karakterizazioak egin ohi ditu Mankomunitateak. Hauetan, eskualdeko hainbat puntutako edukiontziak aztertzen dira, hondakinak egoki sailkatuta dauden ikusteko. Horrela identifikatzen dira gaikako bilketaren inguruan eskualdean dauden ahulguneak, ondoren lanketak egiteko.

 

Mankomunitatearen jarduna herritarrengana gerturatzeko eta eskualdeko birziklapen ohiturak nola aztertzen diren ezagutarazteko, Mankomunitateko langileek karakterizazioak egingo dituzte zuzenean informazio puntuak dauden lekuetan. Herritarrei informazio puntuetara gerturatzeko deia egiten die Mankomunitateak, baita karakterizazioak ikusteko deia ere.

Honako ordutegian egingo dira karakterizazioak herri bakoitzeko informazio puntuetan, goiko taulan adierazitako datan: Deban 10:30etan, Eibarren 10:00etan eta 12:00etan, Mutrikun 11:30etan, eta Soraluzen eta Ermuan 11:00etan.

 

Herri bakoitzak zenbat aurreztuko luke hondakinak egoki birziklatuko balitu?

Hondakinak egoki birziklatzearen beste onuretako bat ekonomikoa da, hau da, herri bakoitzak, eta ondorioz bertako biztanleek, aurreztuko luketen diru kopurua hondakinak modu egokian sailkatuko balitu.

Mankomunitateak kudeatzen ditu eskualdean jasotzen diren hondakinak eta trataera berezia ematen zaio hondakin mota bakoitzari: biohondakinak Bergarako Epele plantara eramaten dira konposta egiteko edo Zubietako biometanizazio plantara gasa ateratzeko, ondoren balorizazio energetikoko plantan erabiltzeko; papera eta kartoia Zornotzako Saica enpresara bideratzen da; ontzi arinak Gipuzkoako Hondakinen Konsortziora eramaten dira; beira Ecovidrio erakundeak kudeatzen du, eta errefusa Zubietako balorizazio energetikoko instalazioetan tratatzen da.

Hondakin bakoitzari ematen zaion trataerak ondorio ekonomikoak ditu.

Ondorioz, errefusean utzi beharrean, ontzi ari, paper eta kartoi eta beira modu egokian birziklatzen baditugu, Mankomunitateak 189,13 euro aurrezten ditu tona bakoitzeko. Horrez gain, biohondakinak modu egokian birziklatzen baditugu, Mankomunitateak 47,28 euro aurrezten ditu tonako.

Gardentasun ariketa batean eta eskualdeko biztanleei egoki birziklatzeko arrazoi gehigarriak emateko helburuarekin, birziklatzeak duen eragin ekonomikoaz informatuko ditu Mankomunitateak “ondo birziklatzea, guztion onura” kanpainaren baitan.

Horretarako, azaroaren 21eko astean, herrietako informazio paneletan hori koloreko kartel deigarriak jarriko ditu Mankomunitateak. Hainbat datu erakutsiko dira bertan: Gipuzkoako datuekin alderatu ditu Mankomunitateak eskualdeko udalerri guztiak. Udalerri bakoitzeko gaikako bilketa tasaren ehunekoa eta biztanle bakoitzeko zenbat kg hondakin birziklatzen diren agertuko da, kasu bakoitzean zer hobetu behar den ikusarazteko.

Horrez gain, udalerri bakoitzean hondakinak egoki birziklatuz gero aurreztuko litzatekeen diru kopurua ere jakinaraziko da karteletan. Kartelen osagarri diren eskuorriak ere egin ditu Mankomunitateak, herrietan jarriko dituen informazio puntuetan banatuko direnak, non azalduko den aurrezki hori zer dela eta lortzen den.


Puntu morea