Urrian bi puntu egin du gora gaikako bilketak Debabarrenan

2020/12/03
Iazko urriarekin alderatuz, bi puntu egin du gora gaikako bilketak Debabarrena eskualdean.
  • Mankomunitatetik adierazi dute: “2019ko urrian %53,16koa izan zen gaikako bilketa eta aurten %55,26ra igotzea lortu dugu guztion artean. Azaroan eta abenduan datu on hauek mantentzen baditugu, 2030erako helburuak lortzetik hurbilago egongo gara.”

2020ko urriak datu positiboak utzi ditu Debabarrenan gaikako bilketari dagokionez. Guztira 419 tona bio-hondakin bildu ziren gaika, 387 tona paper eta kartoi, 137 tona ontzi arin eta 167 beira tona. Bestelako hondakinei dagokienez, 223 tona egur eta bolumen handiko 45 tona ere jaso ziren.

Urriko datu hauek aintzat hartuta, 2020ko gaikako bilketa datua % 55,08an kokatzen da eta urte amaierara begira aurreikuspenak onak dira. Gogoratu behar dugu maiatzean mankomunitateak “Objetivo %70 Helmuga” plana onartu zuela eta bertan, urtero 522 tona errefus edukiontzi grisetatik atera eta gaikako bilketara pasatzea jartzen dela helburutzat. Iazko datuekin alderatuz, urtarriletik irailera 186 tona hondakin gutxiago jaso dira eta 259 errefusa tona gutxiago, beraz, Mankomunitateak adierazi duenez, “norabide onean goaz”.

Hondakinak gaika ongi banatzea ezinbestekoa da birziklatze prozesua berme guztiekin burutu dadin. Arlo honetan gogorarazi nahi da organikoaren edukiontzian ezin direla bota arropak, plastikozko poltsak eta fardelak. Bestetik, edukiontzi horian ezin da bota film industrialik edo enbalatzeko plastikorik, birziklatze prozesuan arazoak sortzen dituelako.

Gabonak gertu dauden honetan, Mankomunitateak herritarrei gogorarazi nahi die garai berezi hauetan ere garrantzitsua dela urtean zeharreko ohitura onak mantentzea. Bazkari eta afarietako jateko hondakinak marroira bota behar dira, opariak biltzeko papera urdinera eta plastikozko ontziak horira.

 

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.