Urruzunoko zabortegiaren behin betiko itxiera, mugarri historikoa eskualdearentzat

2022/06/02
Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: "Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatuta, mugarri historiko handi bat lortu dugu eskualdean: esan dezakegu Debabarrenan zabortegirik ez dela geratzen, eta eredu jasangarriagoen aldeko apustu sendoa egiten dugula, hondakinei bigarren bizitza bat ematearen alde".

Urruzunoko zabortegi zaharraren 1. gunea 2013an itxi zen, eta iaz, 2021eko uztailean, Mankomunitateak Aranbeltz ibaiaren ondoan, Elgoibarko Albitxuri industrialdetik gertu, kokatzen zen 2. eremua zigilatzeko lanei ekin zien. Helburua argia zen: eskualdeko zabortegien aroari amaiera ematea eta eremuko biodibertsitatea berreskuratzea.

 

Iosu Arraizek, Mankomunitateko lehendakariak, prentsaren aurrean adierazi duenez, “Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzea aurrerapauso handia da eskualde osoarentzat, hondakinak kudeatzeko eredu jasangarriagoen alde urrats bat gehiago. Igande honetan, ekainaren 5ean, ospatuko da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, eta horrelako ekintzak dira garapen jasangarrirako eragile aktibo bihurtzen gaituztenak. Ez dugu zabortegirik behar, eta eskualdean geratzen zen azkena itxi dugu kontrol neurri guztiekin. Gero eta hondakin ez-birziklagarri gutxiago sortzen ditugu, eta fokua gaikako bilketan jarri behar dugu orain, hondakinei bigarren bizitza bat emateko. Mankomunitatetik, gure zerbitzuak hobetzen eta herritarren eta gizarteko eragileen inplikazioa bultzatzen jarraituko dugu, Debabarrenako udalerri guztietan gaikako bilketa sustatzeko, hori baita eskualdeak jasangarritasunerantz aurrera egiteko modu bakarra”.

 

Helburu bikoitza: errekaren kutsadura saihestea eta biodibertsitatea berreskuratzea

 

Urruzunoko zabortegiaren 2. eremuak 2007tik hondakinik jasotzen ez bazuen ere, euri-urak zabortegiaren ingurutik igarotzen ziren eta lixibiatuak (kutsatutako urak) sortzen ziren, Aranbeltz errekan amaitzeko arriskua zutenak.

 

Asier Lekubek, Mankomunitateko kudeatzaileak, azaldu duenez, “zabortegiaren behin betiko zigilatzearekin batera geruza geosintetikoak jarri dira, erreka ez kutsatzeko, eta gasak jasotzeko sare bat ere bai, inguruneko biodibertsitatea berreskuratzeko eta zaintzeko helburuarekin”.

 

Zabortegiaren 2. eremuko zigilatze-lanak faseka egin dira, dagozkion kontrol-neurri guztiekin. Lekubek azpimarratu duenez, “2021aren hasieran egin ziren obraren aurreko lanak, hala nola Lurzoruaren Txostena, kontrol topografikoa, lurpeko uren eta lixibiatuen analisiak eta gasen analisia, zabortegia behar bezala ixteko kontrol neurri guztiak gainditzen zirela bermatzeko. Eta 2021eko uztailean hasi ziren Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzeko lanak. Lanak amaitu ondoren, landaredia landatu da, inguruneko biodibertsitatea berreskuratzeko”.

 

 

Eremuaren erabilera berria

 

Urruzunoko zabortegi zaharraren 2. eremuko zigilatze lanak amaitu ondoren, hormigoizko zola bat eraiki da, eremua Mankomunitateko materialen biltegi gisa erabiltzeko, kamioiak eta furgonetak eroso moldatu daitezen beharrezko logistika lanak egitean.

Obren kostu totala 1.441.117 eurokoa izan da, BEZa barne.

 

Ezkerretik eskubira: Abel Olaizola, Soraluzeko Mankomunitateko zinegotzi arduraduna, Iñaki Arregi Mendaroko Alkatea, Asier Lekube Mankomunitateko kudeatzailea, Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakaria eta Igor Agirre Mallabiako alkatea.

Iruzkin bat gehitu

Logeatuta egon behar zara iruzkin bat gehitzeko. Twitter bidez sartu zaitezke. Zure iruzkina moderatu egingo dugu.